Lekittoko Mugimendu feministiak bigarren Andra Martxia antolatu du
Domekako [apirilak 23] mendi ibilbiderako izena emateko epea bihar [apirilak 18] zabalduko dute.
Lekittoko Mugimendu Feministiak bigarren aldiz egingo du Andra Martxia, domekan [apirilak 23] izango da. Beste behin Lekeitioko emakumeen “elkargunea” izan nahi du Andra Martxiak: “emakumeak batzeko beste modu bat, lagun artean ibilbide bat eginez, kiroletik apur bat urrunduta domekaroko ohiko ibilbide bat bailitzan”, adierazi dute Lekittoko Mugimendu Feministiatik.
Iazko lehen martxan 120 emakumek parte hartu zuten eta aurten marka hori hobetu nahi dute. Horretarako, aldaketa garrantzitsu bat egin dute: ibilbide bakarra egongo da, iazko aukera laburra eta luzea alde batera utziz. “Iaz emakume denak herrian batera heldu baginen ere, ibilbideko zati handi batean banatuta eta sakabanatuta egon ginen eta aurten denok batera egin nahi dugu”. Ibilbide bakarra egin dute ia 10 kilometrokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea “leuna” da, iazkoa baino eskuragarriagoa eta erosoagoa, batez ere adin guztietako emakumeentzako pentsatua, erdibideko ibilbide bat nahi zuten.
Domekan 09:30ean aterako dira Andraetxetik eta Errege Bidea jarraituz Mendexara arte helduko dira eta bertako Aventura Parkea igaroz Lekeitioko bidegorria hartuko dute berriro herrirako bidea hartzeko. Azaldu dutenez, nahi dutenek, Kalbaixoko kobazuloetara igo eta bisitatzeko aukera emango dute. 13:00etan helduko dira Eskolapera eta bertan musika eta jan-edana emango dute Andra Martxiari “merezitako amaiera polita” emateko.
Izena eman nahi dutenek bihartik [apirilak 18] barikura bitartean [apirilak 21] dute aukera. Lau egunetan 19:00etatik 20:00etara Andraetxian eta Eskolapeko farmazian egongo dira talde feministako kideak. Izen emateak 7 euro balio ditu eta antolatzaileek motxila bat banatzen dute izen emateagaz batera.
Bigarren asanblada. Bitartean Lekittoko Mugimendu Feministiak Andraetxe berrian sartzearekin batera martxan jarritako Ujika emakumeen loratze prozesuagaz aurrera jarraitzen du. Barikuan [apirilak 21] Pirt-Part eztabaidaren asanblada egingo dute 18:00etatik aurrera Andraetxian. Bertan, espazio berriak izan behar dituen helburu eta printzipioen inguruan ariko dira. Horretarako, esan dutenez, lehendabizi Andraetxiaren bisita gidatua egingo dute, gero lehen bileretan antzemandako elkar ezagutza ezari konponbidea emateko beroketa modura dinamikak egingo dituzte. Talde txikietan elkartuko dira asanbladako gaien inguruan eztabaidatzeko eta ostean gainontzeko emakumeekin partekatuko dituzte ondorioak zehazteko.