Paula Ostizek eta Doria Fominak irabazi dute III. Lea-Artibai Txallengea
Ostizek gazteetan eta Fominak nagusietan gainera, mendiko eta tarteko helmugetako mailotak jantzi dituzte.
Lea-Artibaiko errepideak txirrindulariz bete ditu hirugarren urtez emakumezkoen Txallengeak. Aurten lasterketa are gehiago hedatzeko intentzioagaz eta eskualdeko nortasuna hartzeko ideiagaz hiru egunera eta hiru etapatara zabaldu dute lasterketa Lekeitialde eta Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek. Joan den barikuan [apirilak 14] Lekeitiok hartu zuen lehen etapa, herenegun [apirilak 15] Markina-Xemeinek bigarrena eta atzo [apirilak 16] Berriatuak azkena.
Hiru egunak kontuan hartzen dituen sailkapen orokorra irabazi dute Paula Ostizek gazteen mailan eta Doria Forminak nagusietan. Ostizek erabateko nagusitasuna erakutsi du III. Lea-Artibai Txallengean eta iazko garaipena errepikatu dute eskualdeko errepideetan, hiru etapak irabazi ditu: 2 ordu, 20 minutu eta 2 segundoko denbora ezarri du guztira. 2 minutu eta 58 segundo atera dizkio Irati Aranguren bigarren sailkatuari eta 3 minutu eta 27 segundo Irene Moreno hirugarrenari. Hori gutxi ez, eta Nafarroa Ermitagaina taldeko txirrindulariak mendiko eta tarteko helmugetako mailotak ere jantzi ditu. Hasi eta buka izan da onena. Rio Meira-Meruelo etxeak irabazi du taldekako sailkapena eta Laida Hierro izan da bizkaitarrik onena.
Fominak estutasun gehiago pasa ditu garaipena lortzeko. Lekeitioko erlojuaren aurkako saioa Claudia San Justok irabazi zuen, baina Fominak erakustaldia emanda irabazi zuen Markina-Xemeingo bigarren etapa ihesaldia hartuta bakarrik helmugaratu zen. Gainera, azken etapan lortutako abantaila defendatzeko gai izan zen. Sailkapen orokorrean 3 ordu, 59 minutu eta 24 segundoko denbora jarri du eta 42 segundo gehiago bakarrik behar izan ditu Marynka Varenyk bigarren sailkatuak ibilbide osoko 142,85 kilometroak egiteko. Hirugarren izan da Laboral Kutxa-Euskaltel Euskadi Fundazioko Eneritz Vadillo minutu bat eta 34 segundora, bera izan da bizkaitarrik onena eta bere etxea talderik onena. Vipeq taldeko irabazleak gainera mendiko eta tarteko helmugetako txirrindularirik onena izan da.
Hiru herrietako txirrindulari elkarteak “oso pozik” agertu dira III. Lea-Artibai Txallengearen emaitzagaz. Bataz beste 160 txirrindularik parte hartu dutela nabarmendu dute eta eguraldiak “nahiko” errespetatu dituela esan dute: “Lekeition ez zuen ia euririk egin, baina haizea izan genuen, Markina-Xemeinen euria eta Berriatuan bizikletan ibiltzeko eguraldi ezin hobea egin du”. Horrez gain, “oso eskertuta” agertu dira izandako laguntza denagatik. Era berean, hurrengo urteetan hiru etapetako formatu mantendu nahi dute, txirrindularien erantzuna “oso ona” izan delako.