‘Hazia’ musika emanaldia Markina-Xemeinera arte helduko da
Zapaturako [apirilak 22] sarrerak salgai daude dagoeneko herriko hainbat tokitan baita Lekeition eta Ondarroan ere.
Jose Maria Arizmendiarrieta markina-xemeindarraren bizitza eta obraren antzezpen musikatua da Hazia. Arrasateko kooperatiben eredua sortu eta bultzatu zuen pertsonaren aurkezpen artistikoa. Markina- Xemeingo Barinaga auzoan jaio zen Arizmendiarrieta, 1915eko apirilaren 22an. Hain zuzen ere, bere urtegunean taularatuko dute ikuskizuna Markina-Xemeinengo Uni frontoian.
Musikalak Arizmendiarrietaren bizitza kontatzen duela azaldu dute: haren haurtzaroa, seminarioko garaia, 1936ko gerra eta, batez ere, Arrasateko iritsieraz eta ordutik aurrerako bere lana. “Hori guztia, koreografiekin birsortutako musika eszenaratze-artistiko ikusgarriarekin, bere bizitzarekin harreman zuzena izan zuten irudien eta gure herriaren historia markatu zuten ekintzen ilustrazioekin lagundurik”.
Arizmendiarrietaren “pentsamendua, balio humanistak eta ideia sozialak” zabaldu nahi dituen ikuskizun eszeniko-musikala da Hazia. Gontzal Mendibil zuzendariak inork baino hobeto laburbildu du emanaldia: “Haren balioak nabarmendu nahi ditugu, gaur egun horren beharrezko ditugunak: kooperatibismoa, konpromisoa, elkartasuna. Konpetentziaren eta indibidualismoaren munduan bizi gara, eta berak ikusi zuen gauzak sortzeko beste era bat”.
2019an hasi zen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea Mendibilen eskutik aritu da musikalagaz lanean. Abeslari eta sortzaile bizkaitarra da musikalaren bultzatzaile nagusia, baina ikuskizuna aurrera eramateko askoren elkarlana “ezinbestekoa” izan dela nabarmendu dute. Mendibilenak dira gidoia, zuzendaritza, narrazioa eta musika. Berarekin batera, zuzeneko 11 musikari, aktoreak eta kantariak izango dira Uni frontoiko oholtzan. Eszenaratzea “ikusgarria” dela esan dute, Easo eta Goikobalu abesbatzek eta Ohika taldeko dantzariek parte hartzen dute, eta proiekzioak ere badira. Estreinaldia Arrasaten iaz egin zuten eta Iruñean, Gasteizen eta Donostian izan ostean, Markina-Xemeinenera arte helduko da. Kanta guztiak jasotzen dituen diskoa ere kaleratu dute eta guzti.
Sarrerak salgai daude 20 eurotan Markina-Xemeingo udaletxeko Berton bulegoan astelehenetik barikura 08:15etik 14:30era, Opela okindegi-kafetegian. Herritik kanpo ere jarri dituzte salmentan Ondarroan Zurru-murru liburu dendan eta Lekeition Zerbyte informatika dendan. Hala ere, egunean bertan, 19:00etatik aurrera, frontoiko leihatilan ere egongo dira salgai.