Inoizko jende gehien elkartu du Etxebarriko V. Elizpe Rock jaialdiak
Antolatzaileek jaialdiaren balorazio “oso positiboa” egin dute eta arratsaldetik bildutako jendetza nabarmendu dute.
Elizpe Rock jaialdiaren bosgarren urteurrena ezin zen edonolakoa izan. Antolatzaileek ahalegin berezia egin zuten, lehen aldiz Lea-Artibai eskualdeko kanpoko taldeak ekarri dituzte eta data originaletara itzuli dira, eta fruituak jaso zituzten joan den zapatuan. Inoizko jenderik gehien erakarri zuten Etxebarrira arte. Ikusleak gainera askotarikoak izan direla, gazteen presentzia nabarmendu bazen ere, adin guztietako musika zaleak hurbildu ziren.
ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI
Hain zuzen ere, jaialdiaren xarma nabarmendu dute denek, antolatzaileek, musika taldeek eta ikusleek: “Hain herri txiki batean bi eszenatokiko jaialdi bat antolatzea elizpe batean ikaragarria da, oso erakargarria eta denek esker oneko hitzak izan dituzte bakarrik”. Erantzuna “ezin izan da hobea izan” diotenez eta horrenbestez antolatzaileen balorazioa “oso positiboa” izan da. Aurten lehen aldiz eskualdeko kanpoko taldeak erakarri dituzte eta ikusleek asko eskertu dute, lau izan dira taldeak: Arrasateko Hankaz Gora taldea, Bilboko Uger, Laudioko Erasoz Erantzun eta Durangaldeko Pennyfleck. Ohiko merkatuak ere jendeak erakarri zuen eta alde ez egiteko eta bertan geratzeko baliabide bikaina izan zen afaltzeko ogitartekoak eta hanburgesak prestatu izana.
Tradizioari eutsiz, ordea, Etxebarriko trikitilariek eman zioten hasiera jaialdiari, baina aurten ez ziren bakarrik egon Tarine musika eskolako neska-mutilak izan baitzituzten lagun. Oholtzara igo zen lehen taldea Gominols izan zen, ordutegi aldetik talde bakoitzak 45 minutuko tartea zuen bere doinuak erakusteko eta denek ala denek bete zuten. Bi eszenatokigaz ohiko formatua bete zen: talde batek elizpeko eskuinaldeko eszenatokian amaitzen zuenean, segidan beste aldeko oholtza txikiagoan hasten zen hurrengoa. Horrela musikak ez zuen etenik arratsaldetik gaueko ordu txikietara arte. Antolatzaileek azpimarratu dute jenderik gehien iluntzean elkartu bazen ere, “arratsalde guztian” pertsonen joan-etorria etengabekoa izan zela.
Jaialdia hankaz gora jarri zuen lehen taldea Pennyfleck izan zen, eguneko une hunkigarrienetako bat eskaini zuten durangarrek. Front woman edo taldeko abeslari emakumeak eskainitako lan eszenikoak bertaratutakoak “harrituta” utzi zituen bere jarrera eta inplikazioagaz. “Jendartean nahastu zen zenbaitetan, bere musikariek goian egurra ematen jarraitzen zuten bitartean. Publikoko emakumezko batek abeslaria eskuekin gora altxatu zuen eta guzti”. Ume Okerrak taldea Ume Gaiztuak taldearen omenaldia da eta zeresana eman zuen beste talde nagusietako bat: “Emozio handiak pizten dituen taldea da, duela gutxi Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean erakutsi zuten moduan. Errepertorioari jarrera oldarkorra gehitzen diote”.
Dena talde ondarrutarrak edo A.D. markina-xemeindarrek ondo baino hobeto dakite zer den eta zer esan nahi duen Elizpe Rock jaialdiak, hirugarren aldiz jo zuten Etxebarrin. Uger bilbotarrak izan ziren arreta deitu zuten beste taldeetako bat. “Rock estiloa lantzen duten arren, bere estiloa deigarri egiten duten hainbat bertute dauzkate: bihotzetik egindako musika da, berezia, akorde eta erritmo aldetik nortasun handikoa…”. hain zuzen ere, bertaratutakoek Gago abeslariaren jarduna nabarmendu dute: “Oholtza gainean baino gehiago publikoan egon bazen ere, eta askotan eszenatokira begira kantatzen bazuen ere, sekulako konexioa lortu baitzuen han bildu zen jendeagaz”. Eskualdeko beste bi taldek eman zioten amaiera jaialdiari, Shibari talde ondarrutarrak eta Aterkings markina-xemeindarren kontzertua eguneko kontzerturik “frenetikoena” izan zen haien doinu punk-rockekin. Amaitzeko DJ Elepuntok luzatu zuen jai giroa gaueko ordu txikietara arte.
Eskerrak. Antolatzaileek hitz onak besterik ez dituzte esan V. Elizpe Rock jaialdia posible egin duten laguntzaile guztiei, baita Etxebarriko herriari eta oro har Lea-Artibai eskualdeari: “Bihotzez eskertu ez bakarrik jaialdiaren egunean baita aurretik jasotako elkartasun eta laguntza guztia, laguntzaile barik ezinezkoa litzateke jaialdia aurrera eramatea”. Bide batez, datorren urterako seigarren Elizpe Rock antolatzeko ideiak dituzte buruan antolatzaileek. Hasteko, data mantendu nahi dute. Hori bai, zaila izango da aurtengo jendetza errepikatzea.