Markina-Xemeingo EH Bilduk Bidaurreta eremuaren kudeaketa kritikatu du
“Ohikoa duten jokatzeko moduan beste behin ere EAJkoak: egia ezkutatu eta nahi dutena lortzen dutenean egintza burutuen politika ezarri, herritarrei azalpenik eman barik!”, esan dute.
Markina-Xemeingo Bidaurreta Sektoreak zeresan handia eman du azken urteetan, eta orain EH Bilduk ostera ere mahai gainean jarri du. Eremu horren antolamendua 1998ko irailaren 18an hasi zen. Gero, 2010eko uztailean udalak proiektua onartu zuen. Horren arabera, proiektuaren onarpenetik hasita, urbanizazioa hasteko epea urtebetekoa izango zela adostu zen: 2011ko uztailean hasita, eta amaitzeko hiru urteko epea zehaztu zen, 2013ko uztailera arte. Obrari hasiera eman zitzaion, errotondan dagoen sarrera egin zen, baina EH Bilduren ustez, “beste ezer ez, eta oraintxe dagoen horretan geratu zen”.
Bitartean, Markina-Xemeingo HAPOaren lanketaren garapenak aurrera jarraitu du. EH Bildutik esan dute aurreko bi agintaldietan “behin eta berriro” esandakoaren arabera “dokumentuan Bidaurreta eremua agertuz gero, ez da HAPOa onartuko”. Hain zuzen ere, martxoan onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra: “Hau da, etenda, galarazpenean zegoenari, onarpena eman zitzaion, HAPO horretatik salbuetsita geratu den Bidaurreta sektorea kanpoan utzita”. Dioetenez, udalak Bizkaiko Foru Aldundiak 2019an esandakoa “alde batera” utzi du, HAPOa onartzeko Bidaurreta inguruaren deskalifikazioa beharrezkoa dela. “Eremua une honetan ezin da garatu, legez ezarritako epeak beteta dituelako, Lurzoruaren legearen kontra doalako, eta hori gutxi balitz, ez delako bideragarria. Beraz, hiru arrazoi ez atzera ez aurrera gera dadin”.
Esan dutenez, Bidaurreta HAPOaren planoetatik kentzea juntak “orain arte egin duenaren aurka” jokatzea da Markina-Xemeingo Udalaren eta aldundiaren aldetik. “Junta horretako partaideek bertan irabazi gabe edo galtzen geratu direna eskatzeko aukera izango lukete. Epaiketara jotzea ekarriko luke, ia ziur”. Horrez gain, EH Bildutik gaineratu dute gobernu taldeak Arrietari “orain etxebizitza eremua dena lurzoru industrialera pasatzea” eskaini diotela. “Zertarako? Isilik egon eta HAPOan Bidaurreta ingurua suspentsoan agertzeari errekurtsorik jarri ez diezaion?”. Zaparrada ederrak entzun genituen alkatearen eta udal arkitektoaren aldetik, baina gezurrak hanka motzak…. Orduan susmoa zena, ‘Bidaurreta 22122’ txostenak erakusten duen moduan, gaur egia da”.
Koalizioak dio 2022ko azaroaren 23ko txosten horrek erakusten duela “udala Bidaurreta eremua industriagune-zerbitzugune bihurtzeko lehen pausoak ematen hasia dela”. Era berean, aurretik izandako etxebizitza eremua egiteko diseinatutako proiektuak “ingurumen kalte berdinak” eragingo lituzkeela. Horrez gain, txostenaren arabera, gune komertzial bat sortzeko aukera dagoela dio EH Bilduk. “Ohikoa duten jokatzeko moduan beste behin ere EAJkoak: egia ezkutatu eta nahi dutena lortzen dutenean egintza burutuen politika ezarri, herritarrei azalpenik eman barik!”.
Haratago joan dira. Koalizioak ez du aukera pasatzen utzi nahi izan HAPOaren onarpenaren inguruan beste kontu “adierazgarri bat” adierazteko. “HAPOa onartu ezik, beste proiektu batzuk ere hasteko aukerarik gabe zeuden, esate baterako, proiektu-izar zen Grupo Eibarrek proposatutakoa ere ez, eta, jakina, agintaldiaren amaieran eta hauteskundeak ate joka ditugun honetan kosta ahala kosta, edonoren eta edozeren gainetik onartu behar zen HAPOa”.