100 emakumek baino gehiagok parte hartu dute Lekeitioko II. Andra Martxian
Atzo [apirilak 23] eguraldi goibelak ezin izan zuen Lekittoko Mugimendu Feministiak antolatutako ibilbidea zapuztu.

Lekittoko Mugimendu Feministiak antolatutako II. Andra Martxia oso arrakastatsua izan da bigarren urtez jarraian. Nahiz eta ezin izan duten iazko 120 parte hartzaileak gainditu, antolatzaileak “oso pozik” agertu dira 100 emakumeen langa gainditu zutelako. Eguraldiak berebiziko garrantzia izan du antolatzaileen ustez: “Aste guztian zehar iragarpenak ez ziren onak eta emakume askok izena emateko azken ordura arte itxaron bazuten ere euriak atzera bota ditu asko. Bestela, askoz gehiago izango ginateke”.
Hala ere, aurtengo ibilbide aldaketa oso ondo etorria izan da parte hartzaile eta antolatzaileen artean. Lehen aldiz hamar kilometroko ibilbide bakarra antolatu zuten adin guztientzako pentsatua eta erantzuna “oso ona” izan dela adierazi dute. Umeek, gazteek zein helduek osatu zuten ibilaldia eta emakumeen arteko lankidetza eta elkartasuna lortzeko “aberasgarria” izan dela esan dute feministek. Ondarroako, Bilboko eta Munitibarko emakumeak hurbildu ziren eta guzti Lekeitiora arte. Aurten ibilbidea aurretik markatu izanak ere onurak ekarri dituela nabarmendu dute antolatzaileek.
Hamar kilometroak osatu ostean, eta euria egiten zuela ikusita, Eskolapean ordez, Andraetxean banatu zuten jan-edana. “Andraetxe berria erakusteko eta ezagutzeko aukera izan zen”. Ezin izan zuten iaz bezala elkartasun giroa arratsaldera arte luzatu: “Iaz eguraldia justu kontrakoa izan zen, eguzki eta tenperatura aparta izan genuen, gainera zapatuan izan zen eta giroa poteoagaz iluntzera arte luzatu genuen, baina aurten ez da egon horrelako aukerarik”.
Lekittoko Mugimendu Feministiatik esan dutenez, III. Andra Martxia antolatuko dute datorren urtean eta formatua errepikatuko dute, hau da, ibilbide bakarra egingo dute. “Gure helbururako hobeto datorkigu ibilbide bakarra egitea denak elkarrekin osatzen dugulako eta aurten oso gustura aritu gara horrela”.






































