Lekeitio eta Oleta arteko oinezkoen bidea hobetzeko proiektuak aurrera darrai
Atzo [apirilak 25] Gizaburuagako udaletxean elkartu ziren inguruko hainbat eragile aurkezpen ekitaldian.
Lekitto Bedarra taldeak BizkaiaGara, Bizkaiko Boluntariotza eta Partaidetza Agentziak, Lekeitio eta Oleta arteko oinezkoen bidea hobetzeko proiektua aurkeztu zuten atzo [apirilak 25] Gizaburuagako udaletxeko ekitaldi aretoan. Bertan Mendexa, Amoroto, Ispaster eta Lekeitioko alderdi politikoak, Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarra mankomunitateko lehendakaria, Amaia Zabala Gizaburuagako alkatea eta Maite Zabala Lea-Artibaiko adinakoen kolektiboko lehendakaria.
BizkaiaGarako bi teknikarik iazko urte amaieratik Lekitto Bedarra taldeko kideekin elkarlanean egindako proiektua azaldu zuten. Azterlana lau arlotan banatu zuten: soziala, ingurumenekoa, historikoa eta ekonomikoa. “Planteamendua ez da soilik bide bat egitea, proiektu integralago bat abian jartzea baizik, non agente askoren parte hartzea garrantzitsua izango den”, adierazi dute.
Horrez gain, eragile desberdinek ekarpen asko zituzten. Adierazi dutenez, aurkezpenean proiektuak duen “erabateko babesa” berretsi zen, “baita aurrera jarraitzeko konpromisoa ere”. Alde horretatik, Lekeitio eta Oleta arteko oinezkoen bidea hobetzeko proiektua inguruko udal, elkarte eta eragileen babesa badu behar den bultzada eta finantzaketa “askoz errazagoa” izango dela diote.
Jakinarazi dute uztailean beste bilera bat egingo dutela. “Bideragarria ikusten da ingurumen eskakizunak betetzea, eta era horretan, konponbidea ematea gaur egungo errepidetik mugitu behar izan ohi diren inguruko baserri, enpresa eta pertsonei, oso arriskutsua baita ibilgailuen zirkulazio garrantzitsu eta arriskutsuagaz bizi direlako”. BizkaiaGarak ere elkarlana eskaini duela diote.