Mikel Agirrek eta Aratz Mugertzak bigarren mailako euskal pentatloia lehiatuko dute
Zapatuan [apirilak 29] Tolosako zezen plazan ariko dira bost diziplinatan.
Tolosako zezen plazan jokatuko da zapatuan [apirilak 29] 18:00etatik bigarren mailako euskal pentatloia eta bertan izango dira Mikel Agirre eta Aratz Mugertza. Ondarrutarrak eta mutrikuarrak beste hamar aurkari izango dituzte egin behar dituzten bost diziplinatan: Ander Altuna, Jon Alustiza, Joseba Arakama, Gorka Etxeberria, Daniel España, Jon Gisasola, Julen Kañamares, Iñigo Landa, Xabat Olaizola eta Jagoba Otaegi.
Hasteko, 100 kiloko bolari zortzi jasoaldi egin beharko dizkiote, gero plaza osatu giza probagaz, ostean kanaerdiko bat moztu aizkoragaz, jarraian txingekin hiru plaza osatzeko eta azkenik kilometro bat korrika. Agirrek ia hiru hilabete eman ditu pentatloia entrenatzen, eta hala ere, dio “berandu” hasi zela: “Sentsazio honekin helduko naiz, lan ona egin dudala esango nuke entrenamendu saio onekin”.
Parte hartzaile guztiek helburu bera dute, lehen sei sailkatuen artean sartzea, horiek bakarrik lehiatuko dute irailean lehen mailako euskal pentatloiko sailkapena. Hain zuzen ere, ondarrutarrak Mugertza mutrikuarra ikusten du hautagai nagusienen artean Otaegi, Olaizola, Gisasola edo Etxeberriagaz batera: “Maila oso altua dago eta zaila izango da sei onenen artean sartzea, helburua da ahalik eta mailarik onena erakustea”.