Sagarmendi, finalera begira
Maiatzaren 20an Tolosan lehiatuko da XIII. Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren finala.

Zapatuan [apirilak 29] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan hamar partida lehiatu ziren; bikoteka eta teniseko paletarekin. Azken urteetako txapelduna Eneko Sagarmendi mutrikuarra tartean aritu zen, eta “oso gustura” agertu da egindako lanagaz.
Bi partida jokatu zituen mutrikuarrak, lehenengoan garaipena lortu zuen, bigarrenean ostera, ez zuen irabaztea lortu. Lehenengo partidan Ibai Gomezekin osatu zuen bikotea, eta partidua dominatuz, 18-9 nagusitu ziren, Jurdan Arakistain eta Haritz Lertxundiren aurrean. Bigarren partida, berriz, estuagoa izan zen, Sagarmendik aitortu duenez lehenengo zatian nahiko deseroso aurkitu zen, eta partida aurrera joan ahala erosotasuna lortuz, jokaldi hobeak egin zituzten; 18-17 galdu zuten, Joseba Altuna eta Erik Gatonen aurka.
Miruaitzeko jardunaldian lortutako puntuazioari esker finalerako txartela lortu du Sagarmendik; maiatzaren 20an Tolosako Beotibar pilotalekuan lehiatuko da. “Gogotsu nago Tolosako final handirako eta ilusio handia daukat”. Hortaz, gaur gaurkoz, begirada finalean ezarrita du mutrikuarrak.