Mutriku A, zortzigarren etxeko estropadan
Mutrikun hasi zen atzo [maiatzak 1] Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa. Mutriku A taldeak gizonezkoen absolutu mailan lehiatu du.
Gipuzkoako Arraun Federazioak antotaluta, Mutrikuk Gipuzkoako Trainerilla Txapelketako 1. jardunaldia hartu zuen atzo [maiatzak 1]. 10:30etik aurrera, absolutu mailako gizonezko nahiz emakumezkoen eta gazte mailako gizonezkoen estropadak lehiatu zituzten. Gizonezkoen absolutu kategorian aritu ziren, hain zuzen ere, Mutriku A taldeko arraunlariak, eta 8. postua poltsikoratu zuten.
Proba horretan, Hondarribia jaun eta jabe agertu zen, 13.49,13ko denboragaz; jarraian, 13.57,19koagaz, Donostiarra helmugaratu zen; podiuma Orio A taldeak osatu zuen, 14.11,92ko denbora eginda. Mutriku Ak 14.58,70ekoa behar izan zuen lanak burutzeko.
Emakumezko absolutuen arteko lehian, aldiz, Tolosaldea nagusitu zen 16.00,50eko denbora lortuta; ondoren, Hondarribia A sailkatu zen 16.17,54koagaz, eta Hibaika A 16.26,90ekoagaz. Gazte mailako gizonezkoei dagokienez, San Pedro A izan zen azkarrena, 15.24,71ko denboragaz. Bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, San Juan (16.02, 39) eta San Pedro B (16.22,83) helmugaratu ziren.
Gipuzkoako Trainerilla Txapelketako hurrengo jardunaldiak zapatuan [maiatzak 6] eta domekan [maiatzak 7] lehiatuko dira. Zapatuan Pasai Donibanek hartuko ditu estropadak, eta domekan Getariak. Biak ala biak 11:00etan hasiko dira.