Ondarroak eta Isuntzak sendo hasi dute Bizkaiko Trainerilla Txapelketa
Elantxobek hartu ditu lehiaketako lehen bi jardunaldiak, eta ondarrutarrak nahiz lekeitiarrak garaipenaren lehian aritu dira kadete, gazte eta absolutu kategorietan.
Bizkaiko Trainerilla Txapelketako lehen jardunaldi biak lehiatu dituzte Elantxobeko uretan, asteburuan. Bertan egon dira Bizkaiko arraun talderik sendoenak, tartean Isuntza eta Ondarroa. Biek ala biek emaitza aipagarriak lortu zituzten bai zapatuko [apirilak 29], bai domekako [apirilak 30] estropadetan.
Zapatuan, emakumezkoen gazte mailan, Lea-Artibaiko taldeak eduki zituen protagonista. Izan ere, Ondarroak irabazi eta Isuntzak bigarren amaitu zuen. Irabazleak 17.57,87ko denbora behar izan zuen lanak amaitzeko; bigarren sailkatuak, berriz, 18.12,2okoa. Gizonezkoen artean, ondarrutarrek bigarren postuagaz konformatu behar izan zuten, Portugaleteren atzetik. Isuntza Ak 4. postuan amaitu zuen.
Maila absolutuan, lea-artibaitarrak maila handian aritu ziren. Emakumezkoen estropadan, 17.31,96ko denboragaz, Ondarroa nagusitu zen, Portugaleteren aurretik; podiuma Isuntzak osatu zuen, 18.55,79 denboragaz. Gizonezkoen lehian, Isuntza A taldea 3. postuan sailkatu zen, 14.40,13ko denboragaz. Isuntzako B taldea, ostera, sailkapeneko azkenaurrena izan zen.
Domekako saioan, emakumezkoen gazte mailan zapatukoa errepikatu zen: Ondarroak Isuntzari aurrea hartu zion. Gizonezkoen gazte mailan, baina, bezperako estropada hobetzea lortu zuten, garaipen bikaina eskuratuz. 16.00,26ko denbora egin zuten ondarrutarrek eta 16.28,90ekoa, ostera, Portugaleteren ondoren podiuma osatu zuen Isuntza Ak. Absolutuen artean, eskualdeko ordezkaritzaren emaitzak ez ziren beste mailetan bezainbesteko nabarmenak izan, baina, nolanahi ere, Isuntza Ak gizonezkoen estropadan 2. postua lortu ahal izan zuen, 14.58,83ko denboragaz.