Angulo eta Orduña gainak egiteko irteera antolatu dute
Udako bi eguneko irteera ekainean egingo dute, eta Palentziara joango dira; izen emateko epea zabalik dago.
Artibai Mendigoizale Taldeak Angulo eta Orduña (Burgos) gainak igotzeko mendi irteera bateratua antolatu du domekarako [maiatzak 7]. 22 kilometroko ibilbidea dela esan dute, 5-6 ordu inguruan egiteko modukoa (522 metroko desnibel positiboa).
Maiatzaren 4a izango da izena emateko azken eguna; Mutrikun Aparra dendan izena eman daiteke, Ondarroan, berriz, Anaitasuna tabernan. Internet bidez egiteko aukera ere badago. Autobus zerbitzua egongo da irteerara joateko; Mutrikutik abiatuko da 07:35ean. Prezioa 15 eurokoa izango da.
Udako irteera. Urtero legez bi eguneko irteera bateratua antolatu dute ekainerako. Zehatz esateko, ekainaren 16, 17 eta 18an izango da. Aurten, Palentziako mendiak igotzea izango da helburua. Zapatuan, Cardaño de arriba-Pico Murcia igoko dute (sei ordu inguruko ibilbidea), domekan, berriz, Tejera de Tosanten izango da ibilaldia (bost ordu ingurukoa).
Bidaia horrek 170 euroko balio ditu; prezioan sartuta daude bidaia, bi gosari, Hotel Peñalabra Cervera de Pusuergan egonaldia eta afari bat. “Kontutan eduki barikuko afaria norberaren kontura izango dela; bidaian zehar geldialdia egingo dugu”. Izen ematea zabalik dago eta maiatzaren 29a bitartean egin daiteke Internet bidez. “Leku mugatuak daude, hortaz, jende gehiagok izena emango balu, aukeraketa izen emate ordenaren arabera egingo da”. Irteera ordua zehaztu dute: ekainaren 16an, 17:35ean.