Berriatuarrek erraldoi bi sortzeko prozesua abiatu dute
Hurrengo urteko sangregorioetarako bi erraldoiak prest eduki nahi dituzte. Buruarinen ikastaroa ere egin dute, eta egindakoak zapatuko [maiatzak 6] kalejiran aterako dituzte.

Berriatuarrak San Gregorio Jaiez gozatzen ari dira egunotan, eta herriko jaietako aurtengo egitarauak badu egitasmo berezi bezain eder bat bere baitan: zapatuan [maiatzak 6] kalejira egingo dute erraldoiekin eta buruhandiekin; ekintzan parte hartuko dute baita ere Oreretako, Etxanoko, Markina-Xemeingo eta Viladamateko (Girona) konpartsetako kideek.
Berriatuarrek urte hasieratik daukate buruan herrian erraldoiak eta buruhandiak edukitzea. Hala, herritarrek datorren urteko urteko sangregorioetan erraldoi bi eduki nahi dituzte, jai giroan kalera ateratzeko. Hori lortzeko, gainera, mobilizatzen hasiak dira, herriko eragileen artean beharrean baitabiltza. Horrez gain, talde motor bat sortu dute, azpitaldeen kudeaketaz eta dinamizazioaz arduratzen dena. Honako eragileak dabiltza proiektuan: Goikolau Kultur Elkartea, Guraso Elkartea, Tarine Udal Musika Eskola, Berriatuko Udala, Jai Batzordea, eskola eta eskolako komunitatea, Satorzulo gaztetxea, Sarats Dantza Taldea eta Berriatuan bizi den Maribel Aiertza idazle etxebarritarra.
Elkarlana oinarri, urte hasieratik ari dira beharrean, erraldoien diseinua herritar denen ekarpenak kontuan hartuta egingo baitute; kanpoko enpresa baten laguntza ere badute. Talde motorretik azaldu dutenez, erraldoi biak sortzeaz gain, herriko eragileen arteko “komunikazioa, auzolana eta hartu-eman aktiboa sustatzea” dira ekimenaren helburu nabarmenenak.
Oraindik ez dituzte erraldoien ezaugarri estetikoak erabaki, zenbait bozeto jaso dituzten arren
Erraldoiek edukiko duten itxurari dagokionez, oraindik erabakitze prozesuan “bete-betean sartuta” daudela adierazi dute. “Beraien ezaugarri estetikoak oraindik ez ditugu erabaki, gugaz beharrean ari den enpresak dagoeneko zirriborro batzuk bidali dizkigun arren”. Nolanahi ere, argi dute zertan oinarrituko diren: Berriatuko historian eta herriko pasarteetan. “Denon artean zenbait pertsonaia aukeratu ditugu, esanguratsuak edota entzutetsuak izan daitezkeenak oinarri legez erabiltzeko. Alde horretatik, eskolakoek laguntza handia eman digute”.
Erraldoiak datorren urterako prest eduki nahi dituzten arren, Guraso Elkarteak buruarin tailerra egin du, herriko umeek buruarinak zelan egin ikasteko. Ikastaroa “oso arrakastatsua” izan dela adierazi dute: “Bai umeak, bai gurasoak oso pozik aritu dira lanean”. Kalejirak girotzeko erabili ohi diren elementuak dira buruarinak, erraldoiekin batera kalez kale joaten direnak. Beraz, tailer horrek badu zerikusi zuzenik erraldoien egitasmoagaz. Zapatuko [maiatzak 6] kalejiran, hain zuzen ere, udalerriko buruarinak kalera aterako direla aurreratu dute.
Berriatuan bizi den Maribel Aiertza idazle etxebarritarrak idatziko du ipuin liburua
Ipuin liburua, ortzimugan. Bestalde, talde motorrekoek iragarri dute erraldoiak oinarri hartuko dituen ipuin liburua sortu nahi dutela. Maribel Aiertzak idatziko ditu testuak. Idazketa prozesua oraindik hasi barik dagoela adierazi dute, baina zehaztuta dituztela liburu horretako ipuinetan agertuko diren zenbait xehetasun: “Herriko zenbait txoko agertuko dira, esate baterako”.