Emakume guatemalarrak, protagonista Etxelilako argazki erakusketan
Emakume borrokalarien bizipenak lehenengo planoan ezarri ditu Cristina Chiquin Rodriguez argazkilari eta kazetari guatemalarrak.

Argazkilari eta kazetari guatemalarraren La busqueda II argazki erakusketa ikusgai dago Ondarroako Etxelilan maiatzaren 31ra arte. Chiquinen lanak emakumeen memoria eta justiziaren aldeko borroka dokumentatzen du.
Emakumeen bizitza, testigantzak eta erresistentzia irudi bidez islatzen ditu kazetariak. Ekimenagaz, isiltasunak eta beldurrak ezkutatutako bizipenak ezagutzera eman eta historiaren atal hori haustea du helburu: lanarekin, bizitzarekin, pozarekin, minarekin, tristurarekin eta indarrarekin eraikitzen joan diren bizitzak azaleratzen ditu. “Ezarritakotik harago, lurraldeen eta komunitateen erraietatik datorren egia salatu eta ezagutarazi nahi izan du”.
Kazetari eta argazkilariaren lanean emakumeen aurpegiak eta bizipenak jartzen dira lehenengo planoan, justiziaren, bizitzaren eta maitasunaren bilaketaren lagin diren testigantzak, ahotsak eta aurpegiak islatuz. “Guatemalan gerrak jarraitzen du. Orain emakumeen aurkako gerra da. Emakumeen gorputzak eta bizitzak dira borrokaren abangoardian daudenak”. Hori dela eta, emakumeen borroka jarri du erdigunean: “Batzuk besteak baino beldur gehiagorekin, baina justizia bilatzen jarraitzen dute. Bai barne gatazka armatuan desagertutakoen familiek, bai egun desagertutako biktimen familiek; negar egiten jarraitzen dute alaba, arreba edo ama falta dituztelako”.