Lekeitioko eskolako guraso elkarteak 'Sorginak zirelako gara' jardunaldia antolatu du
Zapatuan [maiatzak 6] herriko plaza hartuko dute ekologismoa eta feminismoa aldarrikatzeko.
Hain zuzen ere, sorginak hartuko dituzte umeentzat erreferente moduan. “Baina lehen ikusten ziren bezala, eta ez gaur egungo irudi desitxuratua”, azaldu dute Lekeitioko Herri Eskolako gurasoak elkarteko kideek. Sorginek Euskal Herrian aintzina zuten garrantzia ardatz hartuko dute emakumeen eta naturaren garrantziari buruz umeei azalpenak emateko.
“Lehen sorginak emakume jakitunak ziren, gizarteko protagonista eta eragile handienetakoak ziren; sendabelar eta naturarekiko haien ezagutzak oso garrantzitsuak ziren”. Gaur egungo umeek naturarekiko harremana galdu dutela uste dute guraso elkartekoek. Horretarako, ikasgelan sendabelarren inguruko azterlanak egiten ari dira baratzean belarrak jarriz eta haien garapena eta erabilerak ezagutuz. Horrez gain, eguzkiaren eta ilargiaren zikloek gure egunerokotasunean duten eragina aztertuko dute, hilekoa esaterako.
Zapatuan [maiatzak 6] orain arte ikasitako guztia kaleratuko dute, eta herriko gainontzeko ume zein helduei erakutsiko diete. Herriko plazan egingo dituzte ekintzak. 18:00etan tailer desberdinak probatzeko aukera egongo da, sendabelarrena edo bitxiena adibidez. 20:00etan sorginen bilakaeraren inguruko antzezlana eskainiko dute, “Horretan azalduko da kobazuloetako akelarreetako jai giroak zelan eta noiz bihurtu ziren inkisizioaren helburu”. Ondoren, eskolako umeek dantza ikuskizuna eskainiko dute.
Egitaraua:
- 18:00: Tailerrak.
- 20:00: Antzerkia.
- Ondoren: Dantza.