Itsas inguruneari buruzko informazioa aplikazio batean bildu du Aztik
Bizkaiko golkoko itsas mailaren, tenperaturaren, uraren pHaren, olatuen eta beste aldagai biologiko batzuen datuak eskuragarri daude gune bakar batean: Ebegi.
Azti zentro teknologikoa Bizkaiko golkoaren hego-ekialdeko behaketa gaitasunak indartzen ari da #ebegi proiektuaren bidez, eta Internet bidezko aplikazio teknologiko berri bat garatu berri du, itsas inguruneari buruz dagoen funtsezko informazio guztia plataforma bakarrean ikusarazten duena: ebegi. “Informazio hori Aztik egindako kanpaina ozeanografikoen eta inguruan dauden kostaldeko behaketa sistemen emaitza da”.
Aplikazio berria baliagarria da behaketa sistema berriak eta datu berriak identifikatzeko eta baita ere aurretiaz dagoen informazioa aztertzeko modu berriak identifikatzeko. Horrela, itsas ingurunea eta haren aldaketak identifikatu ahal dira. Anna Rubio Azti ozeanografian aditu eta super-behatokiko koordinatzailearen esanetan, ebegi informazioa eskuragarri eta erabilgarri jartzeko baliabidea da: “Klik sinple batekin, erabiltzaileak kokaleku jakin bateko itsas mailaren, tenperaturaren, uraren pHaren, olatuen eta beste aldagai biologiko batzuen datuak lortzen ditu, hainbat iturri kontsultatu behar izan gabe. Honi esker, informazioa oinarri duten erabakiak hartzeko beharrezko datuak biltzeko lehen urratsa sinplifikatu eta arinduko da”.
Aplikazioak gaur egun dagoen informazioaren ikuspegi osatuagoa ematen du, bai historikoki eta baita denbora errealean ere. Hortaz, erabilgarria izango da arrantza eta industria eragileentzat, administrazio publikoentzat, zientzia eta ikerketa komunitatearentzat eta baita gizartearentzat ere. Gaineratu dutenez, proiektua martxan dagoen arren hobekuntzak egiteko lanean ari dira, hala nola, datuen kalitatea hobetzeko eta datu horiek erraz eskuratzeko modukoak izateko. Modu horretara, informazio horrek ozeanoak digitalizatzen lagunduko du. “Arrantza jardueraren eta kostaldeko eremuen kudeaketa ekosistemiko iraunkorra bultzatzen laguntzen du informazioak”.
Ekonomia urdina bultzatuz. Aplikazioak helburu bikoitza du. Batetik, ekonomia urdinean oinarritutako politiken eta zuzentarauen garapena erraztea, itsasoen eta haien baliabideen ustiapen iraunkorrean aurrera egiteko. Bestetik, klima aldaketari lotutako erronken konponbideak bilatzen aurrera egitea, eta, horrela, itsas mailaren igoeraren eta muturreko olatuen ondorioak aurreikustea ahalbidetuko da.
Proiektuak berrikuntza teknologikoko eta esperimentazioko zereginak egitea aurreikusten du, itsas ingurunea eta haren aldaketa hobeto ezagutzeko beharrezkoa den informazioa gehitzeko.