Eguzkik Mijoa errekaren egoera hauteskundeetarako amu gisa erabiltzea egotzi dio EAJri
Talde ekologistatik salatu dutenez, EAJ da urte luzez proiektua gauzatu ez izanaren erantzule nagusia: "EAJ da, ezbairik gabe, proiektu hauek metatu duten atzerapen historikoaren arduradun nagusia".
Eguzki Talde Ekologistak salatu du Mutrikuko EAJk mijoako saneamendu proiektua hauteskundeetarako amu gisa erabili izana. Eguzkikoek diote proiektua geldituta egotearen erantzule nagusiak direla jeltzaleak. “Orain lehentasuntzat jotzen dituzten bi proiektu horiek 2011tik atzeratzen joan diren berberak dira. Horra hauteskunde kanpainaren magia”.
Zapatuan [maiatzak 6] Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria egon ziren Mutrikun Ion Gambra alderdi jeltzaleko alkategaiarekin. Eguzkikoen esanetan, Mijoako saneamendu proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu behar direla eta agintaldi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna izango direla zehaztu zuten. “Aitortuko dugu oraingoan ere lortu dutela gure harridura gaitasunaren muga pixka bat harago eramatea”.
Eguzkik dio EAJ dela urte luzez proiektua gauzatu ez izanaren erantzule nagusia: “EAJ da, ezbairik gabe, proiektu hauek metatu duten atzerapen historikoaren arduradun nagusia. Orain, berriz, inolako autokritika zantzurik agertu gabe, amu gisa erabiltzen ditu hauteskunde kanpainan. Hori iruditzen zaigu harrigarriena, lotsa minimorik ere ez izatea”.
2011tik Mijoako errekan “hamarnaka” isurketa egin direla salatu dute, “non egon dira jeltzale guzti hauek orain arte?”
Historikoa. Talde ekologistatik gogorarazi dute 2007an herri erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zutela; horietako bat Mijoako saneamendua izan zen. “Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen bete proiektuaren % 75 finantzatzeko konpromisoa. Beraz, 2011a iritsi zen eta lan hori egin gabe geratu zen”. Ondoren, 2016ko Plan Hidrologikoak Mijoako saneamendua berriro programatu zuen 2016-2021 aldirako. “Baina urteak aurrera joan ziren eta proiektuak egin gabe jarraitu zuen”. 2021eko otsailean, berriz, Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen urte horretan proiektua idatzi eta 2022an gauzatzeko. “Baina 2022a ere pasa zen, eta Mijoan saneamendu arrastorik ez. Eta hara non orain esaten diguten datorren agintaldian baietz. Jakina, izatekotan, datorren agintaldian izango da, oraingo hau dagoeneko lanak lizitatu gabe bukatu baita”.
2011tik Mijoako errekan “hamarnaka” isurketa egin direla salatu dute, “non egon dira jeltzale guzti hauek orain arte?”. Zehazki, 2020an emandako egoera mahai gaineratu dute, hain zuzen ere, zazpi isurketa salatu ziren: bizilagunek, Mutriku Natur Taldeak eta Eguzkik egin zituzten salaketak. “Zazpi isurketa horien ostean ez zuten hitzik esan eta larriagoa dena, inongo neurririk ere ez zuten hartu. Orain, pertsona berak datoz Mijoa salbatzera, zeinen garrantzitsua den adieraziz baina inongo konpromiso errealik gabe: data zehatzak, aurrekontuak, horretara bideratuko den diru kopurua…”.