Mutriku Arraun Taldea, 8. eta 9. postuetan Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan
Zapatuan [maiatzak 6] bederatzigarren postua lortu zuten Pasai Donibanen; domekan [maiatzak 7], aldiz, zortzigarrenak izan ziren Getarian.
Gipuzkoako Trainerilla Txapelketako lehendabiziko jardunaldia etxean lehiatu ondoren, Mutriku Arraun Taldeko partaideek lehiaketako bigarren eta hirugarren jardunaldietan parte hartu dute joan den asteburuan; zapatuan [maiatzak 6] eta domekan [maiatzak 7] eduki zituzten jardunaldiak, biak ala biak gizonezkoen absolutu mailakoak. Zapatuan Pasai Donibaneko uretan lehiatu zuten, eta horretan mutrikuarrak bederatzigarren postuan sailkatu ziren; Oriok irabazi zuen estropada, 13.48,00ko denborarekin; mutrikuarrek 15.26,43ko denbora egin zuten.
Domekan, aldiz, Getarian jokatu zen jardunaldia. Lehen jardunaldian gertatu bezala, gizonezkoen absolutu mailako azkarrena Hondarribia izan zen; 13.52,10eko denbora bizkorra egin zuten. Mutriku Ari dagokionez, bezperan baino postu bat gorago helmugaratzea lortu zuten, zortzigarren, 15.08,04ko denbora egin ostean.
Gipuzkoako Trainerilla Txapelketako laugarren jardunaldia Hondarribian jokatuko dute zapatuan [maiatzak 13]. Domekan [maiatzak 14], aldiz, lurraldeko txapelduna nor izango den erabakiko dute, Hondarribian baita ere.