LAIkoloreak azoka egingo da lehenengoz Markina-Xemeinen
Lea Artibai Ikastetxeak antolatu du azoka maiatzaren 11n (eguena), 11:00etatik 13:00ak ingurura arte, kultura ezberdinak integratzeko helburuagaz.
Azoka multikultural horretan Lea Artibai ikastetxeko laneratzeko ikastaroetako ikasleek erakusmahai desberdinak jarriko dituzte, besteak beste, jolasak, musika, liburuak eta bigarren eskuko arropak, kaleetan eta ikastetxeko pasilloetan elkarrekin bizi diren kultura desberdinak integratu eta ezagutzera emateko asmoz. Herrialde desberdinetako jakiak dastatzeko aukera ere egongo da.
Azoka 11:00etan hasiko da ikastetxeko zelaian, eta 13:00ak inguruan amaituko da. Azokan ez da salmentarik egongo, hau da, erakusmahaietan eskainiko diren produktuak doan eskuratzeko aukera egongo da. Lea Artibai Ikastetxeko ikasleez gain, ikastetxeak herritar guztiak gonbidatu ditu azokan parte hartzera: “Lehenengo aldia da ekintza hau antolatzen duguna, ilusio handiz antolatu dugu, eta herritarrak ere animatu nahiko genituzke gure zelaietara etortzera”.