Larrialdietako pedriatria zerbitzua Lea-Artibaira hurreratzeko eskatu diote Sagarduiri
Lekeitioko alkate Koldo Goitiak eta Ispasterko alkate Garbiñe Saenz de Buruagak Lea-Artibaiko herritarrek osasun zerbitzuekin lotuta dituzten kezkak helarazi dizkiote Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari.
Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkatea Gotzone Sagardui Osasun Sailburuagaz elkartu ziren joan den astean bi udalerrietan ematen diren osasun zerbitzuei eta, horregaz loturik, bietan agertu diren mozioei nahiz eskakizunei buruz berba egiteko. Bilera hartan, biek ala biek eskaera komun bat luzatu zioten Sagarduiri: zerbitzu jakin batzuk hurreratzeko beharra, batez ere, pediatria larrialdiekin lotutakoak.
Saenz de Buruagak eta Goitiak zerbitzu hori eskualdetik hurbilako ezartzea baloratzeko eskatu zioten Sagarduiri, Galdakao-Usansoloko ospitalera bakarrik mugatu barik. Aukera posible moduan proposatu zituzten Gernika-Lumoko Malosteko ospitala edo Durangoko Bereizmen Handiko Zentroa, “betiere eskualdeko egungo pediatria arreta arriskuan ipini barik”.
Eskakizun horren aurrean, sailburuak azaldu zien Osakidetzak “sare bat bezala” funtzionatzen duela, eta saretze hori mantentzea, hain zuzen ere, “oso garrantzitsua” dela “bai ikuspuntu teknikotik, bai osasunarenetik”. Horrez gain, Sagarduik konpromisoa hartu zuen Lea-Artibai inguruko ospitaleetan ematen diren osasun zerbitzuak gehitzeko eta egon badaudenak hobetzeko.
Goitiak, bestalde, Osakidetzaren helikoptero zerbitzua balioetsi zuen, inguruko udalerri guztiak artatzen dituela azalduz. Era berean, alkate biek aintzat izan zuten azken urtean eskualdean lehen mailako arretak eduki duen “hobekuntza handia”, eta “zentzu horretan lan egiten jarraitzeko” eskatu zioten sailburuari.