Ondarroako trainerillak, garaipenaren atarian
Ondarroa Arraun Elkartea bigarren sailkatu da Bizkaiko Trainerilla Txapelketako laugarren jardunaldiko hainbat kategoriatan.
Ondarroak Bizkaiko Trainerilla Txapelketako laugarren jardunaldiko estropadak hartu zituen domekan [maiatzak 7]. Etxeko taldea maila oso handian aritu zen, eta hainbat mailatan irabazteko puntuan egon zen. Kaikuk poltsikoratutako emakumezkoen absolutu mailan, ondarrutarrak bigarren postuan sailkatu ziren, garailearengandik urrun izan baldin bazen ere; Kaikuk 16.56,96ko denbora egin zuen, eta Ondarroak 17.46,68koa.
Gizonezkoen artean, etxeko trainerillak ez zuen ohorezko postuetara hurreratzerik eduki: Zierbena A irabazleak 14.12,14ko denbora paregabeagaz eskuratu zuen garaipena; Ondarroak, bederatzigarren sailkatuta, 15.10,89koa egin zuen. Podiumetik hurbilago aritu zen Isuntza A taldea; bosgarren postuan amaitzeko balio izan zion 14.45,08ko denborak.
Gizonezkoen gazte mailan, Ondarroak ozta-ozta galdu zuen estropada, Zierbenaren alde: bigarren sailkatu zen. Irabazleak 14.52,36ko denboragaz osatu zuen proba, eta ondarrutarrek 14.54,68koa egin zuten. Isuntzak talde bi plazaratu zituen norgehiagoka hartan: Isuntza A bosgarrena izan zen, 15.34,97ko denboragaz; B taldeak, aldiz, bederatzigarren amaitu zuen, 16.00,90koagaz. Maila horretako emakumezkoen artean ere, Ondarroa irabazteko zorian egon zen: bigarren sailkatu zen, Kaikuren ondoren.
Domekan [maiatzak 14] Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Trainerilla Txapelketa.