24. BTT Martxa egingo dute zapatuan Berriatuan
Ibilbide bi edukiko ditu: 28 eta 20 kilometrokoa. Izen ematea zapatuan [maiatzak 13] bertan egin beharko da, irteera ordua baino ordu erdi lehenago: 08:30ean.
Martxa Urepel Kirol Taldeak antolatu du, udalaren laguntzagaz. Zapatuan [maiatzak 14] mendi bizikletaz eta Lea-Artibaiko paisaiez gozatu nahi dutenek, beraz, Berriatuan edukiko dute hitzordua. Parte hartzaileak 09:00etan aterako dira, baina, izena emateko, 08:30ean egon beharko dute herriko plazan; izen-emateak 10 euro balio ditu.
Antolatzaileek distantzia ezberdineko ibilbide bi prestatu dituzte. Luzeak 28 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa edukiko ditu. Eta laburrak 20 kilometro eta 950 metroko desnibel positiboa. Biak ala biak “umiltasunez eta ilusioz” prestatu ditu antolakuntza lantaldeak, eta ibilbide “oso erakargarriak” direla azaldu dute: “Inguruko zenbait paraje eder biltzen dituzte eta, besteak beste, badituzte zenbait jaitsiera interesgarri ere”. Era berean, ibilbideen erdialdean anoa postua egongo dela aurreratu dute.
Behar den guztia. Bestalde, Urepel KTko antolakuntzatik adierazi dute helmuga eremuan, ohiko legez, ez dela jatekorik edota edatekorik faltako. Urteroko usadioari jarraituz, amaieran txorizo ogitartekoaz gozatu ahalko dute parte hartzaileek. “Bakoitzak nahi duen beste jan eta edan ahalko du, lagunarteko giroaz gozatuz”.
Tokiko produktuz osatutako otzarak eta Spiuk txirrindularitzarako markaren produktu sorta zozkatuko dituzte
Astebururako eguraldi eskasa iragarrita dagoenez, ziklista guztientzako dutxa zerbitzua ere edukiko dutela argitu dute. Bestalde, zozketak ere egingo dizute: tokiko produktuz osaturiko otzarak eta Spiuk txirrindularitzarako markaren produktu sorta zozkatuko dituzte.
Ibilbideak markatuta egongo diren arren, txirrindulari bakoitzak egingo duen ibilbidearen track-a deskargatuta eroateko gomendioa egin dute antolatzaileek; track-ak Wikiloc plataforman daude eskuragarri.