Euskararen Astearen balorazio ona egin dute Mutrikun
Mutriku bezalako arnasguneetan euskara bultzatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute Beheko Plazan egindako ekitaldian. Hitzaldietan ere jende dezentek parte hartu duela esan dute.
Euskara erdigunean jarri du Mutrikun ospatu duten Erabiliz eragin! Euskararen Asteak. Kike Amonarrizen Euskara bidegurutzean hitzaldiagaz abiatu zuten maiatzaren 2an, eta martitzenean [maitzak 9] Jon Maiaren Desde Extremadura al euskara hitzaldiarekin “borobildu zuten” astea.
Mutrikuko Udalak, Uemak, Mutrikuko Institutuak, Samielak eta Saturran Guraso Elkarteak antolatu dute lehenengoz, eta “pozik” daude eduki duen erantzunarekin. “Balorazio orokorra oso ona da. Badago zer hobetu, baina datorren urtera begira aztertuko ditugu”. Aste osoko egitaraua “esparru desberdinentzat” osatu zuten: “Ikastetxeetan egin dira gauzak, eta herrira begira ere bai, eta egia da nahikoa parte hartze egon dela. Hitzaldietan jende dezentek parte hartu du”. Amonarrizenean jendea batu zen, eta Maiak ere “aretoa bete” zuen.
Domekan [maiatzak 7] Beheko Plaza izan zen herritarren elkargune. Ekitaldia irakurketarekin, bertsoekin eta musikarekin osatu zuten, eta herriko sokatira taldekoek lagunduta, oilasko errea banatu eta, batez ere, umeentzat txinga eta sokatira saioak egin zituzten. “Asteari borobiltasun bat eman nahi genion, eta ekitaldia ondo atera zen. Orokorrean, uste dugu jendea oso pozik gelditu zela. Saiatu ginen ekintzetan jende desberdinak parte hartzen. Aste osoan zenbait panel egon dira herrian ipinita, eta horien azalpenak eta Erabiliz eragin mezua zabaltzeko ekitaldia izan zen”. Mutriku bezalako arnasguneetan euskara sustatzen segitzearen garrantzia azpimarratu zuten.
Ikastetxeetan. Esan bezala, ikastetxeetara ere hedatu dute lanketa; mintzodromoak, esperientzia trukeak eta ahalduntze saioak egin dituzte. “Helburua izan da gai edo egoera berberak jarrita, adin desberdinetan zein erantzun jasotzen den aztertzea”. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteko Goizeko Izarra Ikastolako eta Samiela ikastolako ikasleek eta Mutrikuko Institutuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek parte hartu dute.
Erabiliz eragin leloaren bidez, euskara erabiliz aldaketa eragiteko mezua zabaldu dute Euskararen Astean: “Euskara ez badarabilgu, gure hizkuntza eta horrekin batera ikuskera oso bat joera negatiboan edota aldapan behera jartzen ari gara. Galera eragiten, alegia. Beraz, erabil dezagun eta eragin dezagun”. Herriko hizkuntzaren oraina eta etorkizuna denen esku dagoela adierazi zuten, “esateko asko daukatelako”, eta denen eguneroko jardunak “eragina daukalako”. Euskararen betaurrekoak janzteko eskatu zuten, eta kontziente izateko, “egiten dugunak baduelako eragina, eta egiten ez dugunak ere bai”.
2021eko erroldako datuek adierazten dutenez, herriko euskararen indizea (ezagutzari lotuta dagoena), %87,7 da, hau da, ia 10etik 9k ulertzen dute euskara. Erabilerari dagokionez, ostera, Mutrikun “gero eta gutxiago egiten da euskaraz”. Izan ere, adin tarte desberdinak kontuan hartu behar dira, eta joera ez da beti bera, baina, azkenengo datuen arabera, 5 urtetan 2-24 urte bitartekoetan euskararen erabilerak ia hamar puntu egin du behera.
“Mutriku euskararen arnasgunea da, hauspoa gure hizkuntzarentzat”, gogoratu zuten domekako ekitaldian, eta azpimarratu zuten Mutriku bezalako herrietan garatzen, erabiltzen eta biziberritzen dela hizkuntza modu naturalean, eta herriok motor eta eredu papera jokatzen dutela hizkuntzaren normalizazio prozesuan: “Gureak bezalako herriek eragin dezakete inguruko txokoetan, eta gurea bezalako komunitateak emango dio behar duen indarra euskarari”.