Lau gunetan banatuta, 26 ekimen dakartza Ondarroako Ibilaldiak
Adin tarte guztiei zuzendutako egitaraua osatu dute. Eskualdeko musikarien aldeko apustua egin dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Ondarroa inguruan lau aparkaleku egokituko dituzte.
Maiatzaren 21eko Ondarroako Ibilaldiak hamaika ekimen dakartza. Ekimen batzuk gune konkretu batzuetan egingo dira, eta beste batzuk ibiltariak izango dira. Aurreratu dute adin guztiei begirako ekimenak antolatzeko “ariketa sakona” egin dutela. Hortaz, gustu guztiek edukiko dute zer egin eta zertaz gozatu.
Ibilbideak bost kilometro edukiko ditu, eta lau gunetan banatuta egongo da. “Norbere gustuaren arabera gunerik gune ibiltzeko aukera ematen du”. Ikastolako ikasle nagusien proposamenak jaso dituzte ekimena antolatzeko orduan: “Publiko guztientzako moduko egitaraua antolatu dugu. Hasieratik nahi izan da guneak ez izatea oso sektorialak. Hau da, ez izatea bakarrik umeena, gazteena edo nagusiena. Hau da, gune guztietan denentzako moduko edukiak tartekatzen ahalegindu gara”.
- Lehenengo gunea Zubixe, Zubi Zahar Herri Ikastolan kokatuko da. “Ikastola transmititzaile izan da eta transmititzaile da, euskararena eta euskal kulturarena, elkarri lotu eta elkarrengana hurreratzeko bide, eta zubia ideia horren ikur aproposa da. Gainera, gogoratu behar da herriko eraikin ikoniko bati zor diola izena Ondarroako ikastolak, hau da, Zubi Zaharrari, haren alboan egon baitzen urte askoan”.
- Bigarren gunea Mazixe, Anexoan kokatuko da. “Arrantzale herrian egonik, ofizioarekin lotutako adiera hori aukeratu da”. Jai giroa iradokitzeko hitz aproposa aukeratu dute, Anexoan ez baita faltako jairik, bizitasunik eta alaitasunik.
- Hirugarren gunea Herrixe, Zeledonion kokatuko da. “Leloarekin jolasteko gogo horretatik sortu dira guneen izenak, eta euretako bat herriari zor zaiola irudituz deitu diogu Zeledonio guneari Herrixe. Itsasoari begira bizi den herria izanik, ezaugarri horrek bertakoen izaeran eragin zuzena eduki du”.
- Laugarren gunea Talaxe, Itsasaurren kokatuko da. “Abanguardian daude ikastolak, jagole paperean; etorkizunera adi edo “allarte”, Ondarroan esaten den moduan. Eta itsasoak ematen du horretarako perspektiba. Horregatik deitu diogu Itsasaurre kaleko guneari “Talaxe”, aurreko mendeetan baleak, itsas herrietan arrain sardak eta ontziak begiztatzeko erabiltzen ziren goragune esanguratsuei erreferentzia eginez”.
Jaiaren hasiera ekitaldia 10:00etan izango da Zubi Zahar Herri Ikastolan. Ordezkari politikoek eta instituzionalek eta ikastolako lehendakariak hartuko dute hitza. Ondoren, ikastolako umeek ikuskizuna eskainiko dute, eta “Ibilaldirako propio sortu den koruak abestuko du”.
Jaiari hasiera emanda, egun osoko egitarauari heltzeko unea helduko da. 26 ekimen antolatu dira, horietatik 18 guneetan kokatuta daude, eta zortzi ibiltariak izango dira. “Programatzean exijenteak izan gara geure buruarekin eskaintza zabala egotea nahi genuelako, eta emaitza hor dago”. Musika eskaintzaren artean herriko taldeen aldeko apustua dago, tartean, Dena, Shibari eta eskualdeko taldekideez osatutako Bizkaiblus taldeak daude. Baita Dupla, Xabi Solano, Pasadena eta Anje Duhalde ere.
Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia eskainiko dute: Euskotrenek Trañara (Matiena) zerbitzua emango du, eta handik, ordu erdiro autobusak aterako dira Ondarroara, 09:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era.
Mobilizazioa. Jai giroko egunean aldarrikapenerako tartea ere egongo da, Azterketak euskaraz lelopean mobilizazioa egingo baita, euskarak Iparraldean daukan egoerari ikusgarritasuna emateko asmoz. Horrez gain, 14tik 16 urtera bitartekoen parte-hartze aktiboa bilatzeko helburuz Erronka egongo da, 11:00etan, Zeledoniotik abiatuko dira hainbat herritako ikasleak eta 19 jolas-jarduera egingo dituzte herrian zehar.
Ondarroara sarbideak. Maiatzaren 21ean Ondarroara jende kopuru handia heltzea espero da, hori dela eta, herrira heltzea errazago eta erosoago egiteko asmoz, garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin dute Ibilaldia Elkartetik. Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu berezia eskainiko dute: Euskotrenek Trañara (Matiena) zerbitzua emango du, eta handik, ordu erdiro autobusak aterako dira Ondarroara, 09:50etik 13:30era; eta Ondarroatik Trañara, 17:10etik 20:50era.
Ondarroa inguruan lau aparkaleku egokituko dira: bi Bizkaitik datozenentzat (Gardotza industrialdean eta Cikautxo kooperatiban), eta beste bi Gipuzkoatik datozenentzat (Saturraran hondartzan eta Mijoa industrialdean). “Aparkalekuetatik herria heltzeko garraio zerbitzua egongo da”. Gainera, barikutik [maiatzak 19] aurrera, Saturraranen autokarabanentzako lekua egokituko dute.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez herritarrei begira aparkatzeko guneak gaituko dituzte: “Herrian hustu beharreko aparkalekuak kontuan izanda, aparkatzeko gune berriak zabalduko dira”. Hauek izango dira aparkalekuak: Kamiñazpitik eta Errenteriarako errepidean errail bat, Arratza Eskolako jolastokia, Kamiñazpiko frontoia, Zaldupe Kiroldegiko aurreko gunea, saihesbidea eta Institutuko jolastokia.
Berritasunak. Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurten, estreinakoz, datafono zerbitzua kontsumo puntu guztietan egongo da, “Ibilaldira datozenen esperientzia erosoagoa izan dadin”.
Horrez gain, jasangarritasuna erdigunean ezarri nahi izan dute, Ibilaldiaren zirkuitua eta guneak garbi mantentzea “denon erronka” izango dela zehaztuz. Hortaz, gomendio batzuk zabaldu dituzte: era arduratsuan kontsumitu, iturriak erabili baina ez alferrik galdu urik, zaindu ingurumena eta lagundu natura zein kultur ondareak babesten, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira bota, ez lurrera, komunak erabili eta garraio publikoa erabili.