Lea ibilbidea "erakargarriago" bihurtzeko neurriak hartu dituzte
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak adostu dituen berritasunen ardatza autokontsumo elektrikoa eta industriaren berreskurapena dira.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak batzar nagusia egin zuen zapatuan [maiatzak 6], eta hainbat gai landu zituzten bertan. Lantaldeak ondutako gai nagusia Lea ibilbidearen ingurukoa izan zen. Izan ere, ibilbide horretan turismo jasangarritasuneko planean zehaztutako neurrien araberako ekintzak egin nahi dituzte.
Egitasmo horietako bat elementu fotovoltaikoen instalazioa da. Instalazio hori Bengola Energia eta Natur Parkean egingo luke Learri SAk. Mankomunazgoak azaldu duenaren arabera, energia elektrikoaren autokontsumo kolektiboa “oinarri” hartu nahi dute; horrenbestez, instalazio fotovoltaikoak Lea Ibarreko Leargi energia kooperatibaren bitartez kudeatuko dituztela aurreratu dute.
Bestalde, batzarrean, bailarako industria ondarea “berreskuratu asmoz”, Gizaburuagako Bengolea erostea ere adostu zuten. Neurri horren bidez, orain arte jabetza pribatukoa izan den ondare industriala “denen onurarako izatea” bilatuko dute.
Lea ibilbidearen “erakargarritasuna handitzea eta ibarraren garapena indartzea” dira neurri guztien jomugak
Neurri horiek guztiak, adierazi dutenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailagaz hitzartuta daude, mankomunazgoak eta Eusko Jaurlaritzak adostuta baitute Lea ibilbidea Euskadi Helmugako turismo jasangarritasuneko lurralde planaren barruan sartzea. Azaldu dute aurreikusi dituzten ekimenak, besteren artean, Europako Batasuneko Next Generation planak finantzatuta egongo direla.
Jomugak. Beste alde batetik, maiatzaren 6an mankomunazgoak martxan ipinita dauzkan zaborbiltze eta ongizate zerbitzuen berri ere eman zuten. Adierazi zuten Lea ibilbidearen “erakargarritasuna handitzea eta ibarraren garapena indartzea” direla neurri guztien jomugak.