Eli Alberdi markina-xemeindarrak 'Matematika eguneroko bizitzan' hitzaldia eskainiko du
Hitzaldia barikuan [maiatzak 12] izango da, 18:30ean, Uhagon kulturguneko erakusketa gelan. Alberdik aurreratu du bere esparruak dituen aplikazio ezberdinen inguruan ariko dela.
Alberdik Matematika eguneroko bizitzan hitzaldia eskainiko du barikuan [maiatzak 12], 18:30ean, Uhagon kulturguneko erakusketa gelan. Markina-xemeindarrak aldez aurretik argitu nahi izan du hitzaldia ez dagoela bakarrik gaian adituak direnei zuzenduta; “interesa duen oro animatzen dugu hurbiltzera, sarrera librea baita”.
Matematikan lizentziaduna eta doktorea bere esparruak dituen aplikazio ezberdinen inguruan ariko da: “Matematikari zientzia zehatza ere deitu ohi zaio. Zehaztasun eta abstrakziotik haratago, hainbat aplikazio ditu matematikak eta horietako asko eguneroko bizitzan. Aplikazio horietako batzuk ekuazio diferentzialak erabilita modelatzen dira. Horrelako ekuazioetan deribatuak agertzen dira, eta hainbat fenomeno deskribatzeko erabiltzen dira”.
Alberdik ekuazio diferentzialak erabiliz formulatzen diren zenbait adibide emango ditu. “Alde batetik, birus baten hedapen ekuazioak ikusiko ditugu. Eta beste alde batetik, deribatu partzialak erabiliz modelatuta dagoen gliomak izeneko tumoreen eredu matematikoa aztertuko dugu”.
Alberdiri buruz. Markina-xemeindarrak Lea-Artibai ikastetxean egin zuen lan 1998tik 2011ra. Bertan, bigarren hezkuntzan eta ingeniaritzan eman zituen klaseak. 2011tik Bilboko Ingeniaritza eskolako irakaslea da, Matematika Aplikatua sailean. Irakasten dituen irakasgaiak ondokoak dira: Informatika, Aljebra eta Geometria, eta eredugintzarekin lotutako irakasgaiak graduan eta masterrean. Hainbat ikerkuntza eta dibulgazio artikulu, zenbait liburu eta kongresuetako aktak argitaratu ditu. Ikerketa egonaldiak egin ditu, besteak beste, Grezian, Australian, Saudi Arabian edota Txilen.