Gorabideko langileek salatu dute zuzendariak ez direla hitzarmenak negoziatzen jarri
Maiatzaren 14ra arte "lan baldintza duinak" eskatzeko greban daude langileak; etengabeko mobilizazioak ari dira egiten.
Gorabidek Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Berriatuan ditu egoitzak, eta hango langileek esan dute pandemiak langilegoa “ahuldu baino gogortu” egin duela. Hala, haien eskubideen alde borrokatzen jarraitzen dute. Izan ere, adimen urritasuna dutenekin lan egiten duten lau elkarteek (Gorabide, Aspace, Madres Mercedarias eta Gaude) lan hitzarmen hobe baten alde bat egin zuten. LAB sindikatutik azaldu dutenez, denek dituzte negoziazioak blokeatuta. Mobilizazioekin bat egin izanak “indarra” ematen diotela esan dute Gorabidetik. Azaldu dutenez, zuzendariak ez dira negoziaketa mahaian jarri ere egin; zuzendariak euren proposamenak bidaltzen dituztela diote langileek, eta “nahi baduzu onartzen duzu eta bestela ez. Hau da, ez dago negoziaziorik”.
Gorabideko langileak: “Ez gara modu indibidual batean gure erabiltzaileengana iristen, eta bakoitzak bere beharrak eta bere berezitasunak ditu”
Salatu dute soldatak izoztuta dituztela 2019tik. “Lan baldintzak asko jaitsi dira azken urteetan, eta egunerokotasuneko bizitza garestitua egin da”. Nabarmendu dute kaltetu nagusiak Gorabideko kideak direla, langileen prekarietateak haiengan “eragin zuzena” duelako. “Ezin dugu zerbitzu guztiz onik eskaini. Ez dago egoiliarrentzako ekimen onik; jatera eta paseatzera mugatzen da gure jarduna. Ez gara modu indibidual batean gure erabiltzaileengana iristen, eta bakoitzak bere beharrak eta bere berezitasunak ditu. Gu laguntzaileak gara”.
Kontratuak “oso prekarioak” direla eta kontziliazioan ere ez dutela laguntzen diote; edozein ordutan lanera joateko prest egon behar dutela diote. “Gure prestutasuna erabatekoa izan behar da. Adibidez, ez dugu lan egutegirik. Urte osoan sei asteburu bakarrik ditugu jai, eta horrek langileongan eragiten du. Horrez gain, hartzen ditugun bajetaz kexatzen dira”.
Enpresak eta eragileek dena ondo doanaren irudi faltsua erakusten dute. “Gu atearen beste aldean gaude, badakigu zer dagoen, eta pandemian txalotzen gintuztenek orain ez digute kasurik egiten”. Esan dutenez, “gizartea kontzientziatzea, euren borrokagaz bat egitea eta langileen eskubideen alde jartzea dute helburu. “Pandemia bat jasan eta gero inoiz baino indartsuago gaude. EPI bategaz zazpi orduz aritu gara lanean, eta jendeak ez daki hori. Lehen baino gogorragoak gara, haserre gaudelako”.
“Langileen kontra Ertzaintzak erabilitako indarkeria” salatu eta elkartasuna adierazteagaz batera, langileek egiten duten lan publikoa “aitortzea” aldarrikatu dute LABetik.
Mobilizazioak. Oinarrizko lan baldintza duinen lan hitzarmena eskatzeko, Bizkaiko Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko langileek Bilboko kaleak hartu zituzten eguaztenean [maiatzak 10]. Hitzarmenak desblokeatu ezean, “mobilizazio eta greba gehiago” egingo dituztela oragarri dute LABetik. “Lanean jarraituko dugu Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko langileen borroka bateraturako eremuak ahalbidetzeko”.
LABen salaketa. FEVAS Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko erakundeen elkartea indar politiko guztiekin bildu zen martitzenean [maiatzak 9] Bilboko Itsas Museoan. FEVASekoak dira, besteak beste, Gorabide, Gaude eta Aspace, eta erakunde horietako langileak eta Madre Mercedariasekoak museoaren atarian bildu ziren. “Langileen kontra Ertzaintzak erabilitako indarkeria” salatu eta elkartasuna adierazteagaz batera, langileek egiten duten lan publikoa “aitortzea” aldarrikatu dute LABetik.
Azaldu dutenez, protesta horretan “ertzainek kargatu egin zuten, eta kolpeen ondorioz, LABeko ordezkari bat ospitalera eraman” behar izan zuten; beste langile batzuk zauritu egin zirela ere esan dute. EAJri egotzi diote ertzainen jokabidearen erantzukizuna.