Hamar kidek osatu dute Anaiarte Elkartearen zuzendaritza berria
Bazkideen beharrei erantzuteko lanean ari dira elkartekideak. Ekaineko bazkaria «garrantzitsua» dela adierazi dute, eta izena emateko aukera zabalik dago

Mutrikuko Anaiarte Elkarteak zuzendaritza batzordea berritu du. Bizitasunez betetako elkartea izanik, jarduerarekin jarraitzeko beharra ikusi eta hamar lagunek osatu dute taldea: Itziar Egurbide Arrieta, Koldo Urkiza Alberdi, Lurdes Gabilondo Andonegi, Maite Arrizabalaga Txurruka, Fran Lekunberri Urkiri, Mila Iparragirre Aranberri, Rafa Oiarguren Agirregomezkorta, Karlos Gorritxategi Urkidi, Karmele Andonegi Illarramendi eta Amaia Andonegi Egurbide.
1991n sortu zen elkartea elbarrituak, jubilatuak eta pentsiodunak heltzeko helburuarekin eta kulturaren aldeko lanak eta jolasak antolatzeko. Gaur-gaurkoz, 625 bazkide inguru dira, mutrikuarrak zein inguruko herrietakoak; tartean, Arrasate, Irun eta Debako kideak dituzte. Bidaiak, hitzaldiak, ikastaroak, eta beste hainbat ekimen egiten diztute; ikasturteko eskaintzak izaten dituzte eta baita ekimen puntualagoak ere.
Zuzendaritza batzordea: «Jende batentzat irtenbide bakarra elkartea da»
Elkartearen antolakuntzaz arduratzen zen zuzendaritza batzordeak zortzi urte zeramatzan karguan, eta urte luzez egindako lanaren ostean, aldaketa eskatu zuten: «Zortzi urte zeramatzaten, aldaketa eskatzen ari ziren, baina inor ez zen animatzen. Urteak aurrera joan ahala, inor ez zen prest agertu, eta uzteko erabakia hartu zuten. Gainera, azken aldian bi lagunen gain geratu zen lan guztia, horrek neke handia sortzen du».
Hortaz, zuzendaritza batzorderik osatu gabe, batzarra deitu zuten, eta bilera horretan talde berria animatu zen: «Gazteenak gu ginen, jubilatu berriak gara. Hainbeste urtez martxan dagoen elkartea izanik, hartzeko beharra ikusi genuen, eta hamar laguneko taldea osatu dugu».
Antolakuntzari ekiteko prest agertuta, bazkideen onarpena jasotzea beharrezkoa ikusita bazkideen bilera deitu zuten: 120 lagun batu ziren lehenengo bileran. Erantzuna «oso ona» izan zela adierazi dute: «Inoiz ez dugu ezagutu hainbeste lagun bilera batean, berritasunak ere erakarri egiten du».
Udazkenerako bi bidaia zehaztu dituzte: Toledora eta Benidormera.
Harrera ona izateaz gain, eskakizunak atera ziren bileran, eta zuzendaritza batzordeak denak jaso zituen: irteerak eta ikastaroak batik bat, horien artean, irakurketa erraza ikastaroa. Horrez gain, podologia zerbitzuaren eskakizuna ere atera zen. «Urratsez urrats nahi dugu aurrera jo, gure bazkideei erantzun egokiena emateko».
Etenik gabeko ekimenak. Izan ere, ikasturtean etenik gabeko hamaika jarduera egoten dira martxan, horien artean, kina jokoa, gimnasioa, kantua eta bidaiak. Kina jokoa da elkartekideen artean arrakastatsuena, eta elkarteak geldialdia izan duen tartean ere martxan egon da, ardura bere gain hartu baitzuen kide batek: «Adineko jende batentzat irtenbide bakarra elkartea da, eta kina jokoan egitea bultzada bat da, hortaz, kide bat prest agertu zen jokoaren antolakuntzarekin jarraitzeko».
Horrez gain, gimnasioa ere martxan egoten da, zenbait makineria dute egoitzaren goiko pisuan, eta egunero egoten da irekita goizez. Gorputzeko atal ezberdinak zaintzeko udalaren ongizate arloaren eskutik irakasle profesional bat izaten dute, gimnasioa, erlaxamendua eta memoria lantzeko. Gaur-gaurkoz, 22 lagun dabiltza gimnasioan, bi taldetan banatuta. Erlaxamendu klaseetan zortzi lagun aritzen dira; arratsaldeetan egoten dira. Kantua ere etenik gabeko jarduera da, eta astean bi aldiz batzen dira entseguetarako 15:00etatik 16:30era. Noizbehinka hitzaldiak antolatzen dituzte: osasuna zaintzera bideratutakoak, botikei buruzkoak, teknologia berriei buruzkoak etab.
Ekainaren 17an bazkideen bazkaria egingo da, eta izen ematea zabalik dago.
Puntu erakargarrienetako bat bidaiak dira. Eguneko bost bidaia egiten dituzte urtean, «bidaia kulturalak» deritzenak, herri edo gune interesgarriak ezagutzeko. Udaberrian, berriz, ikuspegi berdina duten bost eguneko beste bat egiten dute, «askotan Espainiako estatutik kanpora egiten dena». Horrez gain, Mediterraneora bi asteko bidaia antolatzen da, «aisialdiko bidaia» deritzena. «Gustukoak izaten dira bidaia hauek, eta saiatzen gara arazoren bat dutenei bere kabuz baliatzeko arduradunak jartzen, ingurua behar bezala goza dezaten». Irailean, berriz, Europara joaten dira. Orain arte, Norvegia, Errumania, Kroazia, Austria, Alemania eta Portugal izan dituzte jomugan.
Berritasunak. Aipatutakoak martxan egoten diren jarduerak izanik, zuzendaritza talde berriak «berritasunak» martxan jarri nahi izan ditu, bazkideen beharrak kontuan izanik. Hortaz, jasotako eskakizunak kontuan hartu eta martxan hasi dira. Hasteko, Euskara irakurketa erraza ikastaroa jada martxan jarri dute; ikastaroa hamar lagunekin hasi dute, eta arrakasta handia da martxan jarri berri den euskara ikastaroan hainbeste jende biltzea. Ekainaren bukaera arte martxan egongo da.
Dantza eta ibilketa nordikoa ikastaroak martxan hasiko direla aurreratu dute. «Animatu nahi dutenek harremanetan jartzeko gonbita luzatu nahi dugu, horrela, bultzada ematea errazagoa baita». Horrez gain, maiatzaren 30ean, 17:00etan, hitzaldi bat egingo dutela zehaztu dute: Mutrikuko Arrantzaleen itsas bizitzari buruzko emanaldia eta, amaieran, txokolatada egongo da. «Animatzen direnek izena eman beharko dute, antolakuntza errazte aldera». Izena emateko azken eguna maiatzaren 27a da. Ikastaroetan interesatuta daudenak edota besterik gabe informazioa nahi dutenek 618 94 60 79 telefono zenbakiaren bidez harremanetan jartzeko aukera dute.
Izena emateko aukera dago. Bidaiek izaten duten arrakasta kontuan izanda, udazkenerakobi bidaia antolatu dituzte; irailaren 25etik 29ra Quixoteren Ibilbidea (Toledo) egingo dute, eta urriaren 23tik azaroaren 6ra, berriz, Benidormera joango dira.
Azkenik, jomugan duten ekimena bazkideen bazkaria da: ekainaren 17an, 14:00etan, frontoian. «Musika eta giro ederra egongo da, hortaz, animatzeko deia egiten dugu. Bazkideak biltzea garrantzitsua iruditzen zaigu, elkar ezagutzeko eta sintonia bat sortzeko». Hortaz, izena emateko aukera zabalik dago: astean lau egunez 11:00etatik 13:00etara bitartean egoten dira Anaiarte Biltokiko Beheko lokalean.