21. Iparraldeko Haizeak jaiak Lekeitio ekintzaz beteko du Aittitta Txikiren 40. urteurrenean
Ondarroako Ibilaldia dela eta, hiru eguneko egitaraua prestatu beharrean bi egunekoa antolatu dute. Hori bai, "ahalegin berezia" egin dutela esan dute kultur taldekoek.
Aurten Aittitta Txiki kultur taldeak 40 urte betetzen dituela eta, taldeko kideek esan dute 21. Iparraldeko Haizeak jaialdia egitarau oparo eta handiagaz antolatzeko “ahalegin berezia” egin dutela. Domekan [maiatzak 21] Bizkaiko ikastolen jaialdia Ondarroan ospatuko denez, jendearen joan-etorria ziurtatzeko hiru eguneko ospakizuna egin beharrean bi egunekoa egitea erabaki dute.
Ohi bezala, barikuan [maiatzak 19] bertsoak izango dira protagonistak. Sustrai Colina, Maddi Ane Txoperena, Xabat Galletebeitia, Garazi Navarro eta Alaia Martin bertsolariak igoko dira plazako karpako oholtzara, eta Jon Akarregi ariko da gai jartzaile lanetan. Sarrerak 5 eurotan salduko dituzte.
Aurtengo berritasuna zapatuan [maiatzak 20] egingo den Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka izango dela esan dute. 40 postu egongo dira, eta horietan herritarrek denetariko produktuak edukiko dituzte; iaz baino hamar postu gehiago egongo dira aurten. Ardi eskilatze erakusketa ere egongo da, eta Baigorriko gaiteroak ariko dira plaza inguruak girotzen.
Elkargunea. Beste behine re, Iparraldeko Haizeak jaialdiko izarra gisatu txapelketa izango da. Momentuz 20 taldek izena eman dutela diote. Taldeak 10:00etatik aurrera hasiko dira gisatua prestatzen, tabernen inguruan eta plazan. 13:30erako gisatuak aurkeztu beharko dira, plazan. Eta epaimahaiak bere lana egin ostean, sari banaketa 14:45ean egingo dute. Kultur taldekoen aurreikuspenen arabera, bazkarian 200 pertsona baino gehiago elkartuko dira.
Arratsaldean musika izango da protagonista nagusia. Baigorriko Arrola dantza taldeak eta Markina-Xemeingo Zerutxuk kalejira egingo dute. 20:30ean Irai musika taldeak bere ibilbide laburreko lehendabiziko kontzertuetako bat eskainiko du. Orkresta elektrotxarangak emango dio amaiera egitarauari.
Egitaraua:
- Maiatzak 19 (barikua):
- 20:00: Aittitta Txiki ‘Haritza’ emanaldia, parkean.
- 20:30: Bertso saioa, plazan. Bertsolariak: Sustrai Colina, Maddi Ane Txoperena, Xabat Galletebeitia, Garazi Navarro eta Alaia Martin. Gai jartzailea Jon Akarregi izango da. Sarrerak 5 euro balio ditu.
- Maiatzak 20 (zapatua):
- 10:00-15:00: Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka, plazan.
- 10:00-13:30: Gisatu txapelketa, tabernetan edo plazan.
- Goizean: Ipar Arrindak ardi eskilatze erakusketa eskainiko du monolito aurrean. Baigorriko gaiteroak kalerik kale ibiliko dira.
- 13:00: Aulestiko Ka-Tum-Ka batukada taldea.
- 14:45: Gisatu txapelketako sari banaketa, plazako karpan.
- 15:00: Bazkaria. Bakoitza bere taldeagaz.
- 18:00: Materiala jasoko da karpan.
- 18:00: Dantza kalejira Baigorriko Arrola eta Markina-Xemeingo Zerutxu taldeen eskutik.
- 18:30: Dantza saioa, plazan.
- 20:30-22:00: Irai taldearen kontzertua, karpan.
- 22:00-23:30: Orkresta elektrotxaranga.