Irisgarritasuna bermatzeko obrak egiten ari dira Mutrikun
Almirante Gaztañeta eta J.M. Altzibar hiribidea lotzen dituen igogailu publikoaren proiektua abiatu zuten joan den astean.

Mutrikuko Almirante Gaztañeta kalearen eta Jose Maria Altzibar hiribidearen arteko igogailu publikoaren obra proiektuaren lehengo fasea abiatu dute. Hain zuzen ere, gas hargunearen egokitzapena eta igogailua proiektu berdinaren baitan daude. Momentuz gas hargunea egokitzeko obrekin hasi dira.
Udaletik zehaztu dutenez, irisgarritasun arazoak direla-eta hartu zuten igogailuaren proiektua martxan jartzeko erabakia: “Gaur egun dauden eskailerak ez dira irisgarriak mugikortasun urriko pertsonentzat. Horregatik erabaki zen igogailua jartzea”. Joan den astean abiatu zituzten obrak, Gaimaz Infraestructuras y Servicios S.A. enpresaren ardurapean. Proiektuak 953.282,86 euroko aurrekontua du. Lanek 27 aste irautea aurreikusten da.
Jose Maria Altzibar kaleko 10, 12 eta 14 zenbakietara gas hargunea egokitzeko beharra dago, aipatutako atarietan propano gasa kale bereko 8. eta 10. zenbakien artean dagoen biltegi batetik hornitzen baita. Gas-andela igogailua jarri nahi den lekuan dago, eta gas hartune berriak egitea beharrezkoa da. Hortaz, lehenik gas hartune berriak eraikitzen hasi dira, gaur egun dagoen biltegia kendu eta espazioa libre utzi ostean, igogailua jarriko da. Proiektua eraginkortasunez egin asmoz, igogailua eta gas hargunearen egokitzea obra proiektu berdinaren baitan egin dituzte: “Ez du zentzurik lanak bi proiektutan banatuta egitea, eta kaltegarria izan daiteke proiektua eraginkortasunez gauzatzeko”.