Markina BHIko ikasleek Liburu Gaztea Lehiaketako lehen eta bigarren postuak eskuratu dituzte
Atzo [maiatzak 16] jaso zuten saria Bilboko Alhondigan egindako ekitaldian. Epaimahaiak bi booktrailerren "originaltasuna" nabarmendu du.
Antolatzaileen esanetan, parte hartzeari dagokionez aurtengo lehiaketa “arrakastatsua” izan da. Bizkaiko Foru Aldundiari esker, Bizkaian lehen aldiz antolatu dute lehiaketa, eta DBHko 21 ikastetxek parte hartu dute. Markina BHItik 15 bideo (booktrailer) aurkeztu zituzten txapelketara, eta horietatik bi izan dira finalista DBH 2ko kategorian: Lauburuak eta Gu ere putak taldeak hain zuzen.
Lauburuak taldeak Hormak liburuaren booktrailerragaz irabazi du lehenengo saria; Laia Fuentes, Amaia Armas, Alluitz Mujika eta Josu Rodriguez dira egileak. Epaimahaiaren iritziz, “lan handia” dago atzetik eta bere originaltasuna nabarmendu dute: “Kontatzen duena trailer baterako aproposa izateaz gain, ondo kontatuta dago. Baliabide bisual ezberdinak modu azpimarragarrian erabiltzeko gai izan dira, eta soinu eta irudi bidez klima ezberdinak sortu dituzte: tentsioa, frustrazioa, baikortasuna… Eszena bakoitza zainduta dago, izan ere, beraiek egindako marrazki horiek laguntzeko sartutako soinuak, onomatopeiak, musika eta narrazio zatia bikain aukeratuta daude. Liburua aurkezteko modu ederra!”.
Gu ere putak taldeak, ostera, bigarren saria eskuratu du. Epaimahaiak esan du euren lana “primeran” grabatuta eta muntatuta dagoela: “Bikain jaso dute liburuaren esentzia. Erritmoarekin jokatzeko duten gaitasuna ere azpimarratzekoa da. Taldeak modu argian eta freskoan osatu du gidoia, eta primeran ulertu ditu booktrailer on batek eduki behar dituen lengoaia eta kodea. Aipamen berezia merezi dute egindako lanaren enfokeagatik, mimoz antzeztuta eta bikain josita dagoelako”.