Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Markina-Xemeingo Morelarre talde feministak deituta, gaur 20:00etan batuko dira Goiko Portalean; udalak bat egin du deialdiagaz. Leketion, ostera, bihar [maiatzak 18] 19:00etan Eskolapean batzeko deia egin dute.
Gizonezko batek ustez bere bikotekide ohia erail zuen atzo [maiatzak 16] Orion, kanoiak moztutako eskopeta batekin eraso egin ostean. Eta, litekeena da, segidan bere buruaz beste egin izana. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen indarkeria matxista dela ikertzen ari diren hipotesi nagusia, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur baieztatu du “ikerketaren lehen emaitzen arabera” gizonezkoak eskopeta batekin hil zuela andrea. Erkorekaren esanetan, gizonak armak edukitzeko baimena zuen, eta berak manipulatu zuen eskopeta; gizonak ez zuela indarkeria matxistagaz lotutako aurrekaririk gehitu du.
Eraso matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Lea-Artibain. Markina-Xemeingo Morelarre talde feministak deituta gaur [maiatzak 17] 20:00etan batuko dira Goiko Portalean; udalak ere deialdiagaz bat egin du. Leketion, ostera, bihar [maiatzak 18] 19:00etan Eskolapean batzeko hitzordua jarri du talde feministak. Ondarroan eta Mutrikun, berriz, maiatzaren 19an ezarri dituzte hitzorduak. Ondarroan, 19:00etan, Alamedan, eta Mutrikun; 18:30ean, Goiko Plazan.
Mugimendu feministak deituta ere elkarretaratzea egingo dute gaur Orion, 19:00etan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egin du protestarako deia: Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean herritarrak batzera deitu dituzte.
Emakundek ere “gogor” salatu du hilketa, eta herritarrei “gaitzespena” erakusteko deia egin die. Adierazi du berdintasunaren alde egitea dela indarkeria matxista “prebenitzeko” era eraginkorrena. Eudelek ere indarkeria matxistaren kontra egiteko oharra kaleratu du, eta berdintasunaren alorrean lanean jarraitu behar dela adierazi du.
EAEko Arartekoak erasoa gaitzestu eta erakundeei esan die “biktimaren seme-alabei” babesa emateko, “haien bizitzan egin duen zauria ahal den neurrian sendatzen saiatzeko”. Salatu du matxismo erailtzaileak “eragin handia” duela oraindik hamaika emakumeren eta neskato-mutikoren bizitzetan.
Aurrekariak. Iaz lau emakume hil zituzten bikotekideek Euskal Herrian, eta semeak eragindako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. Berria-ren datuen arabera, 2003tik indarkeria matxistak 117 emakume eta 11 ume hil ditu Euskal Herrian.