Emakume zientzialariak izango ditu erdigunean Ondarroako Pint of Science ekimenak
Hiru eguneko egitaraua osatu dute eta bost hitzaldi eskainiko dituzte Kirrixki, Maddi eta Idoia tabernetan.
Pint of science zientzia herriko tabernetara hurbiltzen duen ekimena egingo dute datorren astean, hiru egunez, Ondarroako Kirrixki, Maddi eta Idoia tabernetan. Teknologia, itsasoa eta elikadura jarriko dituzte erdigunean, eta bost hitzaldi eskainiko dituzte, denak ala denak, emakume zientzialarien eskutik. Jaialdiaren helburua azken ikerketa zientifikoei buruzko hitzaldiak modu eskuragarri batean eskaintzea da, horretarako testuinguru ezberdinak sortu eta jendeari ikertzaileekin eztabaidatzeko aukera emanez.
Ondarroan egingo diren hitzaldietan emakume zientzialariak izango dira protagonista. Maiatzaren 22an emango diote hasiera ekimenari Kirrixki tabernan, eta Joseba Goikoetxea izango da dinamizatzailea. Horretan, Maddi Astigarraga ilustratzaile zientifikoak Ezagutu, marraztu, komunikatu hitzaldia eskainiko du: “Zientzia behar bezala komunikatzeko garrantzitsua da lehenago komunikatu nahi den hori behar bezala ezagutzea. Ilustrazioa baliagarri izan daiteke bi kasuetan, bai ezagutza dokumentatzeko tresna gisa eta baita komunikaziorako ere”. Ondoren, Ane Feijoo Mondragon Unibertsitateko ikerlariak Bateriaren integrazioa eta energiaren kudeaketa autokontsumo instalazioetan hitzaldia eskainiko du. Egungo energia trantsizioarekin bat eginez, eta erregai fosilen alternatiba berriei lagunduz, hirugarren sektoreko eraikinen autokontsumorako energia kudeatzeko estrategia prediktibo bat aurkeztuko du.
Martitzenean [maiatzak 23], ostera, itsasoa ezarriko dute erdigunean. Maddi tabernan egingo dira hitzaldiak, eta Leire Arantzamendi izango da saioak aurkeztearen ardura edukiko duena. Blanca Lekube Leartikerreko polimeroen ikerlaria izango da lehenengo hitzaldia eskainiko duena: Circularseas proiektua: Sareen birziklapena Ondarroako portuan. Hondakin plastikoak arazo kezkagarri bihurtu dira azken urteetan, eta arazo horiei aurre egiteko jaio zen Circularseas proiektuari buruz hitz egingo du Lekubek: “Atlantikoko kostaldeko bost herrialdetan egin da lan eta Ondarruko portuaren kasuan, baztertutako sareak birziklatu dira, filamentua egin, eta ondoren, berrerabili”.
Ondoren, Arrantza emisioak murriztuz, ekoizpena mantenduz hitzaldia eskainiko du Lohitzune Solabarrieta Aztiko itsas teknologien ikerlariak, eta Sustuntech proiektuaz ariko da: “Sustuntech proiektuagaz mundu mailako itsas korronte, olatu eta datu meteorologikoak arrantza eremuen informazioarekin alderatu ditugu, adimen aurreratuko metodoak erabiliz. Honek arrantza-industriaren iraunkortasun ekonomikoa lortzen lagunduko du eta gaur egun jarduera guztien emisioak murrizteko dugun beharrari erantzuna emango dio”.
Eguaztenean [maiatzak 24] izango da azkenengo saioa Idoia tabernan, eta Josu Ceberiok aurkeztuko du. Hartzituak eta probiotikoak hitzaldia eskainiko du Lorena Zudaire Leartikerreko elikaduraren ikerlariak. Zudairek mikroorganismoak eta entzimak elikagaiak sortzeko nola erabili daitezkeen azalduko du, eta hartzidura mota garrantzitsuenak azalduko ditu; horren barruan sortzen diren produktu desberdinak aurkeztuz.
EGITARAUA
- Astelehena [maiatzak 22]
- 19.00. Ezagutu, marraztu, komunikatu hitzladia, Maddi Astigarraga Bergararen eskutik, Kirrixki tabernan.
- 20.00. Bateriaren integrazioa eta energiaren kudeaketa autokontsumo instalazioetan hitzaldia, Ane Feijoo arostegiren eskutik, Kirrixki tabernan.
- Martitzena [maiatzak 23]
- 19.00. Circularseas proiektua: Sareen berziklapena Ondarroako portuan hitzaldia, Blanca Lekube Gazagaetxebarriaren eskutik, Maddi tabernan.
- 20.00. Arrantza emisioak murriztuz, ekoizpena mantenduz hitzaldia, Lohitzune Solabarrieta Odriozolaren eskutik, Maddi tabernan.
- Eguaztena [maiatzak 24]
- 19.00. Hartzituak eta probiotikoak hitzaldia, Lorena Zudaire Villanuevaren eskutik, Idoia tabernan.