Espainiako arrain inportazioak erregulatzeko eskatu dute
Espainia jasangarritasuna bermatzen duen gehienezko ekoizpen mailara iritsi dela argitu du Idurre Bideguren EH Bilduren senatariak. Zentzu horretan, “ardura handia” dagoela adierazi du.
Idurre Bideguren Gabantxok arrantza sektoreak “alor ekonomikotik, sozialetik eta jasangarritik” dauzkan irregulartasunak nabarmendu ditu Espainiako Senatuan. Arrantza sektoreak geroz eta eskaera handiagoa duela adierazi du, eta Espainia jasangarritasuna bermatzen duen gehienezko ekoizpen mailara iritsi dela argitu du; zentzu horretan, “ardura handia” dagoela adierazi du Bidegurenek.
Senatariak Azti institutu zientifikoa eta teknologikoa eduki du ahotan, jasangarritasunaren eta arrantza arduratsuaren alde egiten duen beharra azpimarratuz. Horren aurrean, aipatutako baldintza horiek “arriskuan” ipintzen dituen legez kanpoko arrantza salatu du. Hori argudiatzeko adibideak ere bota ditu bermeotarrak: “Asiatik ekartzen dituzten atun gorri zatien prezioek argi eta garbi uzten dituzte beraien atzean dauden prekarietatezko lan baldintzak. Europako Batasuna arrantza produktuen mundu mailako inportatzailerik handiena dela kontuan edukita, nahitaezkoa da inportazio horien segurtasuna, legezkotasuna eta erregularizazioa modu estuagoan kontrolatzea”.
Europako Batasunak 2010ean abiatu zuen legez kanpoko arrantzaren kontrako plana; egitasmo haren jomuga 2020. urterako arrantza hori geldiaraztea zen. Baina Bidegurenek azaldu du planak ez duela “esperotako emaitzak” eman: “Europako Kontu Auzitegiak egindako 20/2022 txostenak agerian uzten du plan horretan erabilitako hainbat mekanismo ez zirela egokiak, eta egoera hobetzeko zenbait neurri esanguratsu proposatzen ditu. Txostenak, oro har, ikustarazten du Europako Batasuneko herrialdeek ez dutela agindutakoa bete“. Horregaz guztiagaz, Planasi galdetu dio ea “prest dagoen” hurrengo hilabeteetan arazo horri aurre egingo dioten “neurri zehatzak” hartzeko.
Planasek arrantza inportazioko kontrolaren digitalizazioa hauspotzea beharrezkotzat jo du
Konponbide zorrotzen beharra. Ministroak erantzun du Bidegurenek mahairatutako auziak “izugarrizko garrantzia” duela: “Itsas produktuen kontsumoari dagokionez, Europako Batasuneko bigarren postuan gaude. Kopuru eta potentzialtasun aldetik, ostera, Espainiako ontziteria lehen postuan dago. 1.700.000 tona arrain inportatzen ditugu urtero eta, hortaz, neurri zorrotzak hartu beharra dago”. Erregularizazioa bermatzeko, Planasek bide bi proposatu ditu: “Batetik, tokian tokiko arrantza erakundeak baliatuz lan egin behar da. Bestetik, Europako legedia estuki zaindu behar da”. Bestalde, ministroak arrantza inportazioko kontrolaren digitalizazioa hauspotzea beharrezkotzat jo du.