Asier Galarza muxikarra, Aulestiko saioan nagusi
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko hirugarren saioan Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra (174 puntu) eta Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra (172,5 puntu) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Asier Galarza Garaik mailako bertso saioa egin zuen Aulestin; Udabarria Bertsotan sailkapen faseko A multzoko saioa izan zen Aulestiko saioa. Galarzak 179 puntugaz irabazi zuen saioa. Jarraian sailkatu ziren Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra (174 puntu) eta Garazi Navarro Ugarteburu amorotarra (172,5 puntu).
B multzoko bertso saioa Sopelan egin zuten, eta Mikel Goiriena Larrazabal mungiarra nagusitu zen 193,5 puntugaz. Bigarren postuan Koldo Muñiz Aldamizetxebarria ibarrangelutarra sailkatu zen (178,5 puntu); Iker Uriarte Urrutia bermeotarra izan zen hirugarrena (173,5 puntu).
Sailkapen faseko hurrengo jardunaldia maiatzaren 25ean lehiatuko dute multzo bietako bertsolariek. Horietarako zein gainontzeko saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale elkarteko bazkideek 2 euro ordaindu behar dituzte, eta bazkide ez direnek 3 euro; 8 urtetik beherakoentzat, ostera, sarrera doakoa da.
Hurrengo hitzorduak. A multzokoek Busturian edukiko dute zita; Asier Alcedo Cano, Eneko Aldana Carrasco, Irune Basagoiti Agirre, Izaro Bilbao Arostegi, Janire Arrizabalaga Munduate eta Nagore Beitia Telletxea igoko dira oholtzara. B multzokoak, ostera, Zallan ariko dira. Ondorengo bertsolariek parte hartuko dute: Ander Aldazabal Olabarri, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxabe, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Iruri Altzerreka Martinez eta Jokin Ansotegi Vallejo de Olejua.
Gaur-gaurkoz, Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra eta Ibai Amillategi Omaetxebarria gernika-lumotarra dira, hurrenez hurren, A eta B multzoetako lidertzan daudenak. Lehendabizikoak 203,5 puntu poltsikoratu ditu momentuz, eta bigarrenak, aldiz, 195,5.