Euskaratik eta euskaraz hezteko aldarriak hartu du Ondarroako IbilaldiXE
Hasiera ekitaldian euskarazko hezkuntza jarri dute erdigunean: "Euskaraz hazi eta hezi nahi ditugu Ondarrun zein Itsasun". San Nikolas Ikastolari eman diote 2024ko Ibilaldiaren lekukoa.
Turrun hotsak hartu du gaur [maiatzak 21] Ondarroako kaleak. Hasi da Ondarroako IbilaldiXE. Kaleak jendez bete dira eta ekimenak nonahi daude, adin eta gustu guztientzat.
Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatutako jaiari hasiera ekitaldia egin diote ikastolan. Josune Bañale Ibilaldiko lehendakaria, Eider Galarraga Ikastolako lehendakaria, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Foru Aldundiko eta Hezkuntza Sailburua Jokin Bildarratz. Denak ala denak igo dira agertokira ikastolen aldeko aldarriak egitera. Galarraga Zubi Zahar ikastolako lehendakariak Ondarroako herria eta euskara jarri ditu erdigunean, Xe leloaren garrantziari aipamen eginez: “Hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi dugulako. Euskara berea duen herri bat”. Euskarazko hezkuntzaren aldarria egin du Galarragak, “euskaraz hazi eta hezi nahi ditugu Ondarrun zein Itsasun”.
Ondoren, testigu aldaketaren unea heldu da. Zubi Zahar Ikastolako ordezkariek, Josune Bañales Ibilaldiko lehendakariagaz batera, 2024ko Ibilaldia antolatuko duen San Nikolas Ikastolako ordezkariei eman diote testigua. Aho bete aldarriz, elkartasuna adierazi dute San Nikolas Ikastolako ordezkariek: “Zubiak eraikitzeko zutabeak behar dira eta eredu izan zarete guretzat”.
Aldaketak. Egun osoko egitarauari heltzeko prest dago herria, eta azken orduko aldaketa batzuk egon direla jakinarazi dute, batik bat, kontzertuen ordutegiei dagokionez. Honakoak dira zehaztu dituzten ordutegiak:
- Xabi Solano, 13:00etan, 2. gunean.
- Bad Sound, 15:00etan, 2.gunean.
- Dj Elepunto 18:30 4.gunean.






















































































































































