Aldundiak, emakume baserritarrekin elkarlanean, tailerrak antolatu ditu
Markina-Xemeinen egingo dute tailerretako bat, ekainaren 5ean. Tailerrek etorkizunean kolektibo horri zuzendutako ekintza plan espezifikoa ezartzeko gogoeta-prozesu gisa balioko dutela azaldu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko emakume baserritarren elkarteekin –Etxaldeko Emakumeak, Landa XXI eta Saskide– lankidetzan, hainbat gairi buruzko tailerrak antolatu ditu. Tailerrak maiatzaren 29tik ekainaren 14ra bitartean egingo dira. Irailaren 27an, hala ere, beste saio gehigarri bat egitea aurreikusi dute, prozesu osoan ateratako ondorioak aurkezteko.
Tailerretako bat Markina Xemeinen egingo dute ekainaren 5an (astelehena), sektorean duten parte hartze aktiboaz ariko dira bertan. Antolatuta dauden beste tailerrak honakoak izango dira: Landa eremuko emakumeen osasuna eta ongizatea (maiatzaren 29an, Igorren); laguntza sistemak eta sareak (ekainaren 1ean, Zamudion); etorkizuneko ekoizpen eta merkataritza ereduak eta emakumeek nekazaritzako elikagaien sisteman duten zeregina (ekainaren 8an, Karrantzan); digitalizazioa (ekainaren 13an, Gamiz-Fikan); eta, askotarikotasunetik abiatuta, nekazaritzako belaunaldien erreleboa (ekainaren 14an, Errigoitin).
Saioak goizeko edo arratsaldeko ordutegietan egingo dituztela azaldu dute, “gaiaren eta lekuaren arabera”, eta denetan jarraituko dute programa bera. Programa parte hartzaileen aurkezpen bategaz hasiko dira, eta, ondoren, tailerraren gaiari buruzko sarrera bat egingo dute. Gero, esperientzia inspiratzaileak entzungo dituzte, eta partaidetza dinamika egingo dutela zehaztu dute. Tailer hauetariko batzuk nekazaritza ustiategietan egingo direnez, tailerraren programaren baitan, parte hartzaileek horien instalazioak ere bisitatuko dituzte
Gainera, tailerrak egiten diren bitartean, haurtzaindegi zerbitzua jarriko dutela azaldu dute, “emakume baserritarren ardurapean dauden adingabeentzat”. Zerbitzuak doan eta aldez aurretik hitzordua eskatuta funtzionatuko du. Informazio gehiagorako eta izena emateko posta elektroniko bat eman dute: saioa@neusmonllor.eu
Tailer horiek guztiek etorkizunean kolektibo horri zuzendutako ekintza plan espezifikoa ezartzeko gogoeta prozesu gisa balioko dutela azaldu dute Bizkaiko Foru Aldunditik.