Mutrikuko Berdeek "begirada berri bat" eskaintzeko asmoa agertu dute
Barikuan [maiatzak 19] Mutrikuko Goiko Plazan egindako agerraldian hurrengo agintaldiaren garrantzia azpimarratu zuten Berdeek.
Iñigo Agirre Mutrikuko Berdeak Equo taldeko alkategaiak esan zuen Mutrikuko Portuaren “ustezko” Plan Berezi berri baten proposamenak “mesfidantza handia” sortzen dietela. “Plan Berezi hori derrigorrez uztartu behar da Mutrikuko Arau Subsidiario Berrian, eta hori datorren agintaldian landuko da”. Oro har, esan dute datozen lau urteetan ere Mutrikuko Udalean egon nahi dutela “begirada berri bat eskaintzeko borondatearekin eta Ingurumena Arau Subsidiarioen enborrean txertatu ahal izateko”. Publikotasuna eta herri partaidetza taldearen oinarriak direla gaineratu zuten.
Rafael Perez zerrendakideak krisi kimatikoaren eta landatzeko lur eskasiaren ondorio “larriak” mahairatu zituen. Arazo horien aurrean “eredu aldaketa baten alde” egiteko aldarria egin zuen. Mutrikuko dikeko obren “irregulartasuna” salatu eta komentuaren erabilpena, Ondabarroko kirolgunea, Saturraran eta Mijoa errekaren berreskurapena izan zituen hizpide.
Lurdes Urreisti zerrendakideak Berdeek proposatzen duten “eredu berriaren” ezaugarriak zeintzuk diren azaldu zuen: “Eredu berri hori ingurumenarekin orekan eta herritarren bizitza kalitatean oinarrituta dago”. Hirigintzari dagokionez, Berdeek Azkiaga eremuan egitea proposatzen duten parkea aipatu zuen. “Parke hori herriaren erdigunean kokatuko litzateke, belaunaldi ezberdinen topagunea izango litzateke eta herri osorako arnasgune berdea”.