Mutrikuko EAJk dio lehentasunezkoa dela herriko errepideko puntu beltzei irtenbidea ematea
Arazoari irtenbidea emateko udalaren eta foru aldundiaren arteko elkarlana funtsezkoa dela diote Ion Gambra Mutrikuko EAJren alkategaiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak.
Mutrikuko herrigunea gurutzatzen duen GI-638 errepideak segurtasun aldetik “hobetu beharreko hainbat puntu” dituela iritzita, Ion Gambra Mutrikuko alkategai jeltzaleak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleak esan dute herritarren segutasuna bermatzeak “lehentasuna ” daukala. “Hastear den agintaldi berrian puntu beltz horiei irtenbidea emateak lehentasuna eduki behar du”, dio Ion Gambrak.
Gambrak lagunduta, Mendozak bertatik bertara ezagutu zituen aipatu puntu beltz horiek. “Puntu beltz horiek azken urteetan herritarren artean zenbait istripu eta susto eragin dituzte. Eguneroko joan-etorrietan aurrez aurre edukitzen ditugu puntu horiek: ikusgarritasun gutxi zuten zebra bideak, ikuspen gutxiko auzuneetarako sarrera-irteerak…”, azaldu du Gambrak.
Ion Gambra (Mutrikuko EAJ): “Azkiaga eremuan berdegunea sortzea proposatzen dugu, udalak lur sail horren zati bat erosiz. Baina horretarako udalean ordezkaritza dugun alderdion adostasuna beharrezkoa izango da, udala zorpetu egingo baita”
Arazo horiei irtenbidea ematea bi erakundeen arteko elkarlanaren ondorio izan behar dela gaineratu zuen Gambrak. “Puntu horien azterketa epe motzean egin behar da, ezbeharrak saihesteak lehentasuna duelako; ezinbestekoa da mutrikuarren eta bertatik igarotzen direnen segurtasuna bermatzea”. Elkarlanerako konpromiso horri helduta, Mendozak azken urteetan egindako hobekuntzak aipatu eta hurrengo agintaldian ere helburuetako bat erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetzea izango direla gaineratu zuen.
Berdegunea Azkiaga eremuan. Errepideko puntu beltzez gain, Azkiaga eremuan EAJk garatu nahi duen proiektua ere azaldu zion Gambrak Mendozari. “Azkiagan herritarrentzako eskuragarri egongo den berdegune bat sortu nahi dugu. Mutrikun berdegune gutxi daude, eta dauden horiek herrigunetik kanpo daude eta txikiak eta aldapatsuak dira”. Azkiaga eremuan “aukera garrantzitsua” ikusten dutela eta “pasatzen utzi ezin den aukera” dela esan zuen. “Gaur egun eremu horretan etxebizitzak egitea dago aurreikusita. Gure proposamena da udalak lur sail horren zati bat erostea eta herritar guztien eskura egongo den berdegunea sortzea. Baina horretarako beharrezkoa izango da udalean ordezkaritza dguun alderdion adostasuna, udala zorpetu egin beharko delako”.