Lea Ibarreko Mankomunazgoak indarkeria matxista ematen den kasuetan jarduteko Erakunde arteko Koordinazio Protokoloa diseinatzeko prozesua martxan jarri du.
Mankomunazgotik azaldu dutenez, indarkeria matxistaren aurkako lanean eta berdintasunaren aldeko alorrean “bide bat” egin dute. 2012. urtean, mankomunitateko berdintasun egoeraren diagnostikoa egin zuten; diagnostiko hura oinarri harturik, Berdintasunerako Plana indarrean sartu zen, hurrengo urtean. Plan haren barruan jasota zegoen, hain zuzen ere, Erakunde arteko Koordinazio Protokolo bat sortzeko beharrizana eta, orain, hori lantzeko bidean murgilduta daude. Maiatzean hasi ziren beharrean, eta prozesua urte amaierarako amaituta egotea aurreikusten dute.
Mankomunazgoaren barruko Ongizate Batzordean plazaratu da auzi hori, eta proiektuari jarraipena ematea erabaki dute. Jomuga argi eta garbia dauka protokoloak: indarkeria matxistadun kasuak bizi ditzaketen herritarrei ahalik eta erantzunik “osatuena eta integralena” ematea. Erantzun hori ahalbidetzeko, baina, “beharrezko baliabideak” eskuragarri eduki behar direla azaldu dute mankomunazgotik, eta horiek zehazteko eta fintzeko bidean sartuta ere badaude. Gainera, kanpo aholkularitza ere jasotzen ari direla azaldu dute, “arlo teknikoan eta metodologikoan laguntzeko”, Elhuyarren partetik.
Entitateen parte hartzea. Protokoloaren eratze prozesuan zehar, indarkeria matxista kasuetan “inplikatuta” egon ohi diren entitate, alderdi eta eragile guztiek parte hartzea bilatzen ari dira. Plazaratuko duten proposamena, gainera, “Lea Ibarreko errealitatera egokitutakoa” izango da. Mankomunazgoko gizarte zerbitzuez gain, udalerriak, Ertzaintza, Osakidetza, hezkuntza zentroak eta herritarrak eurak prozesuan sartuta daude.