Joan den zapatuan [maiatzak 20] Akerbeltz Gaztetxean eman zuten jakitera uztailaren 12tik 17rako egitaraua.

Oraindik asko falta da Markina-Xemeingo Karmen jaiak eztanda egiteko, baina herriko eragileak ezkutuan lanean dabiltza askoz lehenagotik. Hain zuzen ere, Txosna Batzordeak aurtengo egitarauaren aurkezpena egin zuen joan den zapatuan [maiatzak 20] Akerbeltz Gaztetxean. Josune Aramendi eta Nerea Ibarzabalen bertso saioan elkartu ziren 65 pertsonen aurrean eman zituzten egitarauaren nondik norakoak.
Bost taldek osatzen dute batzordea: Ernai, Sortu, Xat aisialdi taldeak, Morelarre talde feministak eta Gazte Asanbladak. Adierazi dutenez, “urte osoa” daramatzate lanean egitaraua prestatzen. Aurten, berritasun modura, bilera ireki bat egin zuten edozein herritarrek proposamenak edota ideiak partekatu ahal izateko. “Horrela jende desberdinen iritziak jaso ahal izan genituen eta horiek hartu ditugu ardatz herritar denentzako egitarau bat prestatzerakoan, pertsona diferente askorentzako pentsatutako ekintzak daude”, adierazi dute txosna batzordeko kideek.

Argazkia: Markina-Xemeingo Txosna Batzordea
Helburua lortu dutela diote. “Herritar ezberdinengana heltzea lortu dugu eta bestelako aisialdi aukerak emango ditugu, hegemonikotik edo ohikotik apur bat kanpo dagoena”. Era berean, gogoratu dute “autogestioan” oinarritzen dela haien lana. Horregatik lan talde ugari egin dituzte, bakoitzaren lana banatuz. Batetik, zelan ez, egitaraua egiteko arduradunak, baina badaude azpiegiturakoak edota komunikaziokoak ere eta jaietan jarriko da martxan soinuaz arduratzen den lan taldea.
Hala ere, herritarrei txosna batzordera batu eta batez ere parte hartzeko deia luzatu diete, “edozein laguntza mota eskertzen delako”. Azaldu dutenez, azken urteetan laguntzak “gora” egin du, baina haien helburua da denen artean antolatzea Karmen jaiak.
Denetarik. Txosna Batzordetik esan dute ekintzak “askotarikoak” direla: volley edo pala txapelketetatik, bakarrizketetara edota irrintzi lehiaketara. Uztailaren 13, egueneko, bi ekintza nagusiak nabarmendu dituzte. Batetik, edozein motatako erasoen aurkako manifestazioa eta bestetik jarraian, txosnen irekieragaz batera egingo duten afaria. Bide batez gogoratu dute txosnagunea gune “segurua” dela eta ez dutela “inolako erasorik” onartuko. Bestalde, Zelaiko kontzertuez gain txosnetan ere DJak eta kontzertuak emango dituzte.
Azkenik, Txosna Batzordetik esan dute egitarauak “erantzun ona” izan duela ingurukoen artean. “Ekintzak ez ezik, herritarrek kartela ere gustuko izan dute”.
Egitaraua:
Uztailak 12 (eguaztena)
- 17:00: Itxurreta igoera erreleboka bizikletan*
Uztailak 13 (eguena)
- 17:00: Volley txapelketa Zelaian*
- 20:00: Jaixetan be feministok erdigunera manifestazioa
- Ostean: Txosnagunean irekiera
- 21:00: Afaria
- Afalostean: Irrintzi lehiaketa* eta OkiMoki Perlata
Uztailak 14 (barikua)
- 18:00: Bizikleta poteoan hasiera txosnagunean
- Zelaiko kontzertuak amaitzen direnean: DJ Bull
- Gauaren amaieran: Barruko arropa lasterketa binaka*
Uztailak 15 (Zapatua)
- Goizetik: txosnagunea zabalik
- 02:00: DJ Virgin Mary
- Gauaren amaieran: Gaupaseroen soka saltoa*
Uztailak 16 (domeka)
- 17:00: Pala partidak, kinielak*
- 18:00: Txosnagunearen irekiera
- Iluntzean: Ane Lindaneren bakarrizketa
Uztailak 17 (astelehena)
- Agur Alarabi dagoen bitartean txokolatada
*Kuadrillen arteko jolasak