Berriatuko igoera lortzeko aukerekin heldu da ligako azken jardunaldira
Asteburuan lehiatuko dute ligaren azkenengo jardunaldia; partidu guztiak zapatuan [maiatzak 27] 18:00etan izango dira. Berriatukok etxean, Ibarran jokatuko du.
Berriatuko FTk Lurraldeko Lehenengo Mailara zuzenean igo edo igoera fasea lehiatzeko txartela lortu dezake. Horretarako, azken jardunaldian SD Basurto Bri irabazi behar dio etxean, eta igoerako lehian dauden gainontzeko aurkarien zain egon, liga lehenengo hiruren artean amaitzeko.
Aurreko astean “aukera handia” galdu zuen, baina, hala eta guztiz ere, gogotsu irtengo dira “azkenak ematera”. Hain zuzen ere, azken aurreko jardunaldira sailkapenaren lehenengo postuan iritsi zen, baina Derioren kontra 3 eta 0 galdu zuen, eta, gaur gaurkoz, 63 puntugaz sailkapeneko laugarrena da talde berriatuarra. Lehenengo San Migel dago 65 puntugaz, eta Ariz eta Ibaondo 64na puntugaz berdinduta daude. Bosgarren Mungia B dago, 61 puntugaz.
Beraz, bost talde horien artean dago sailkapeneko lehenengo eta bigarren postuetarako lehia; igotzeko aukera bost taldek daukate. Lehenengo biak zuzenean igoko dira Lurraldekako Lehenengo Mailara, eta hirugarrenak beste multzoko hirugarrenaren kontra lehiatuko du play off-a.
Denboraldiari amaiera ona ematea da erronka. Zaila bai, baina ez ezinezkoa. “Aukerak gaitzago egon arren, igotzeko aukera badaukagu”, dio Unai Bergara taldeko delegatuak.
Berriatukoren zapatuko aurkariak (Basurto B) ere asko dauka jokoan, sailkapenaren behekaldean baitago; hamabosgarrena da, jaitsiera saihesteko ahaleginean. Izan ere, 39 puntu dauzka, eta 41 puntu CD Ordunak, eta hamabosgarrenak jaitsierako kanporaketak lehiatu beharko ditu.
Bost talde daude mailaz igotzeko aukerekin; lehenengo biak zuzenean sailkatuko dira eta hirugarrenak play off-ak lehiatuko ditu
Denboraldi ona. 2022-2023 denboraldian behetik gora joan da taldea. Azken bi urteetan txanponaren bi aldeak bizi izan ditu: “Iaz oso-oso txarto pasatu genuen, azkenengo momentura arte kategoria mantentzeko borrokan egon ginen, eta azkenean play off-etan salbatu ginen”.
Mailari eustea, eta denboraldi lasaia izatea zen denboraldi honetarako helburu nagusia: “Aurten gure esperantza zen lasai ibiltzea. Helburu hori aspaldi bete genuen, eta izugarrizko sari bategaz gaude orain. Aurtengo balorazioa oso-oso positiboa da, oso baikorra. Iazkoa ikusita, aurtengoa salto handi bat izan da. Iazko antzeko taldea mantenduta, entrenatzaile eta jokalari berri batzuekin izugarrizko saltoa eduki dugu, eta lasaitasunaren bila joan beharrean, gehiagoren bila joan gara”.
Ibarrara joaten diren denei taldearen izenean eskerrak eman dizkie Bergarak; zaleen babes handia eduki dutela azpimarratu du.