Danborzaleek "lotsa, tristura eta haserrea" adierazi dute dikeko lanen aurrean
Hauteskundeen atarian, plataformako kideek dikeko lanen gorabeherak mahairatu dituzte. Mutrikuko Udalak eta herriko alderdiek edukitako jarrera kritikatu dute.
Mutrikuko Danborzaleek babes dikearen obraren aurrean “lotsa, tristura eta haserrea” agertu dute. “Lotsa: herriko ordezkari politikoek bultzatutako txikizioa izan delako. Tristura: Guk izan dugun natur gunea gure ondorengoek ez dutelako izango. Haserrea: herritarren iritzia aintzakotzat hartu gabe kalte handiagoa egiteko prest daudelako”. Egoera horren aurrean orain arte emandako pausoak zehaztu eta horren aurrean Mutrikuko Udalak zein Udalbatza osatzen duten alderdiek izandako jarrera ezarri dute erdigunean.
Erreferenduma eskatzeko 1.185 sinadura batu ondoren, udalak egindako herri galdeketaren emaitzak aintzakotzat ez hartzea salatu dute: 871 bozka eman ziren, horietako 819 dikea ez luzatzearen alde. Otsailaren 23an, berriz, Joseba Palenzuela Mutrikuko Alkateak portu zuzendariarekin izandako bileraren berri emango zuela adierazi zuela diote, baina, gaur gaurkoz, “ez duela ezer esan” kritikatu dute.
Bestalde, udazkenean Mutrikuko EAJrekin izan zuten bileran, jeltzaleek obrak hasita daudela eta horiek geldiaraztea “ezinezkoa” dela esan zietela diote. “Baina gaur gaurkoz, obrak arazo teknikoengatik geldituta dituzte, herritarrei informazio garbi eta zehatzik eman gabe”. Gaineratu dute Mutrikuko Natur Taldeak Europako Parlamentuaren Komisioari egindako eskaera tramitea onartua izan zela eta dikearen lanen legezkotasuna aztertzen hasi diren bitartean obrak martxan jarraitzen dutela.
Azkenik, domekako [maiatzak 28] hauteskundeei begira, alderdiek emandako erantzuna ipini dute erdigunean. Plataformak ondoko galdera aurkeztu zuen osoko bilkuran: “Kanpoko dikea luzatu eta gero barrualdean gelditzen den eremua dagoen bezala utzi eta bainu gune publiko bezala defendatzera konprometitzen al zarete?”. Horrean aurrean, PSE-EE eta B+I alderdiek ondokoa erantzun zietela diote: “Bai, argi eta garbi eta inolako zalantzarik gabe”.