Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren lehia Mutrikura iritsiko da
Txapelketaren lehenengo bi jardunaldietan gizonezkoen 680 kiloko kategoria lehiatu dute, eta 640 kilokoa larunbatean [maiatzak 27] hasiko da.
Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 640 kiloko lehenengo jardunaldia izango da jokoan zapatuan [maiatzak 27], 18:00etan hasita. Norgehiagoka Mutriku eta Deba arteko bidegorriko begiratokian–Arbe Hotelaren azpian– ospatuko da.
Mutrikuko taldekoek erronka ezarri dute asteburuan hasiko duten kategorian. Izan ere, 680 kilotan ihes egin zien brontzezko dominak, eta katetoria berrian hori lortzea dute helburu: “Pena hori daukagu. Orain, berrituta, ea 640an domina hori lortzen dugun; kategoria horretan zailagoa izaten da, baina hortxe saiatu beharko gara”.
Maiatzaren 14an Berriatuan hasi zuten aurtengo txapelketa 680 kiloko lehen jardunaldiarekin, eta talde mutrikuarra hirugarren sailkatu zen. Aurreko asteburuan, berriz, Deban aritu ziren, eta laugarren geratu zen. Bi jardunaldietako emaitzak kontuan hartuta, Gaztedi A da txapelduna (10 puntu), eta Goiherrik (8 puntu) eta Akelarrek (5,5 puntu) osatu dute podiuma. Mutriku laugarrena da 4,5 punturekin, eta Gaztedi B bosgarrenak 2 puntu ditu.
Apurka-apurka taldea sendotzea da Mutriku Sokatira Taldekoen asmoa. “Jendez nahikoa justu gabiltza. Hasierako jardunaldietan ondo ibili gara. Jende berriarekin ari gara; iaztik hona aldatu egin da taldea, jende gazte eta berriarekin gabiltza. Aurten ez bada, datorren urtera begira itxura hobea izateko moduan egon gintezke. Ez da urte batetik bestera egiten, baina, uste dut badagoela multzo bat nahikoa gogorra edo ona. Hortik aurrera, urtez-urte gazteekin taldea gogortzen joanda, ea emaitzak etortzen diren”, azaldu du Aitor Etxebarria taldekideak.