Lea-Artibain eta Mutrikun 25.499 herritar daude botoa ematera deituta
Lea-Artibaiko zenbait herritan herri hautagaitzen egoerek aldaketa handiak jasango dituzte. HITZAk hauteskunde egunaren jarraipena egingo du, webgunean eta sare sozialen bidez. 20:00etatik aurrera emaitzak emango ditugu, herriz herri, eta minuturo.
Lea-Artibain eta Mutrikun 1.549 izango dira atzerritik botoa emateko aukera edukiko dutenak. 2019ko azken udal hauteskundeetan EH Bildu lehen indarra izan zen Lea-Artibai eta Mutrikun.
Lea-Artibaiko zenbait herritan herri hautagaitzen egoerek aldaketa handiak jasango dituzte. Amoroton, Asier Arrizabalagak Ibon Gabiolaren tokia hartuko du. Ispasterren, duela lau urte Herritarren Ahotsa aurkeztu bazen ere, aurten ez da herri hautagaitzarik egongo; alkatetza EH Bilduren eta EAJren artean egongo da.
Markina-Xemeinen, koalizio abertzalearen zortzi urteko agintaldiaren ostean, Luis Egurrola jeltzaleak hartu zuen alkatetza 2019an, 130 botoko aldeagaz. Aurten ere berdintasuna dago iragarrita. Edozelan ere, herritarren partaidetza kontuan eduki beharko da: 2019an %73,20koa izan arren, 2015ean %66,67koa izan zen.
Ondarroan, Kalapitxin barik, Kantoipe 3 helbidean egongo da hauteslekua
Lekeition, aldaketa agerikoa izango da: zortzi urteren ondoren, Koldo Goitia jeltzalea ez da alkategaia, bere alderdikide Oier Zuberogoitiaren mesedetan. EH Bilduk, bere aldetik, Ander Aldazabal aurkeztuko du zerrendaburu. Aurpegi berriak, beraz. Etxebarriari dagokionez, Jesus Iriondok bere laugarren agintaldiaren bila joko du; EH Bilduren eta EAJren arteko aldea, baina, azken urteotan baino murritzagoa izan daiteke.
Ondarroan, EH Bilduk zortzigarren zinegotzia galdu zuen 2019ko hauteskundeetan, eta alderdien arteko aldea murriztu egin zen: zazpi zinegotzi lortu zituen EH Bilduk; sei, EAJk. Zunbeltz Bedialauneta ez da alkategai izango, eta EH Bilduk Urtza Alkortaren aldeko apustua egin du. Udalerriko bigarren emakumezko alkatea izan daiteke. EAJk, berriz, Aitor Basterretxea alkategai gaztearen aldeko apustua egin du. Gainera, abstentzioak eragina izan dezake udaleko eraketan: 2019an %32,55ekoa izan zen. Mutrikuren kasuan, Berdeak alderdiaren esku egon daiteke udal gobernua osatzeko giltza.
Hautesle errolda, herrika:
- Amoroto: 358
- Aulesti: 556
- Berriatua: 912
- Etxebarria: 665
- Gizaburuaga: 152
- Ispaster: 604
- Lekeitio: 6.059
- Markina-Xemein: 3.983
- Mendexa: 364
- Munitibar: 425
- Mutriku: 4.230
- Ondarroa: 6.864
- Ziortza-Bolibar: 327