Zirkuaren ateak zabalduz
Ibilbide artistikoaren aldeko apustu finkoa egin eta erronka berriei helduz, Lur Aranburu zirkuaren munduan murgildu da, Euskal Herriko txokoak bisitatzen dituen Gure Zirkuagaz.
Fantasiari ateak zabaltzea helburu duen Gure Zirkuako lantaldearen parte da Lur Aranburu ondarrutar artista. Duela aste pare bat hasi zuen bere ibilbidea profesionala zirkuaren munduan, Euskal Herriko txokoak bisitatzen dituen euskal zirkuagaz. Duela hiru aste sartu zen Gure Zirkuako lan taldearen parte izatera.
Lan taldean hamar artistak lan egiten dute, eta beste bost lagunek osatzen dute talde teknikoa. Hala eta guztiz ere, Aranburuk aitortu duenez, jende gehiago biltzen da familia handi bat bezala deskribatzen duen taldean: «Lan taldeko kide askok seme-alabak dituzte, hortaz, jende gehiago biltzen gara. Asteburuetan talde polita batzen gara». Lehen egunean, muntaian laguntzera hurbildu zen, zirkua zelan muntatzen den ikusi eta ikastera. Harremanak egiten hasi zen.
“Familia handi bat dira, oso ondo hartu naute, eta gustura lan egiten dugu”
Ondoren, aste barruan entseguak egiten hasi zen , eta asteburu horretan izan zen bere lehenengo emanaldia, ikusleekin izango zuen lehenengo agerraldia: Andoainen izan zen. Oso berezia izan zela gogoratzen du: “Andoainekoa oso berezia izan zen niretzat, urte asko daramatzat jendaurrean aktuazioak egiten, baina zirku batean lehenengo aldia zen niretzat. Ikusleen aldetik harrera oso ona izan nuen, txalo zaparrada entzun ahal izan nuen, eta lantaldeko kideek ere pila bat animatu ninduten. Borobila izan zen” .
Zirkuaren munduan egindako lehenengo agerraldia izan arren, jendaurrean eskarmentua dauka Aranburuk, hain zuzen ere, gimnastika erritmikoan ibili izan baita 7 urte zituenetik, eta ibilbide osatua du. Lehenengo pausoak Naia Iparragirregaz eman zituen, hain zuzen ere, oihalak eta trapezioa egiten hasi baitzen, Ondarroan. Egun zehatz batean, parkean ari zen txiribueltak egiten, eta guraso bat hurbildu zitzaion, gimnastika erritmikoan izena ematera animatuz: hor hasi zen kirol ibilbidea.
Mutrikuko taldean egin zituen lehen hastapenak, eta urtebete geroago Ipuruara joan zen. Bertan osatu du bere ibilbidea, eta hamaika izan dira lehiatutako txapelketak eta pilatutako dominak: Espainiako Txapelketa, Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketan… “Urte mordoa egin dut goi mailako kirol zurrun batean”. Hortaz, atseden hartzeko beharra ikusi zuen Batxilergoa amaitu eta bere etorkizunera begira jarri zenean. “Ez nuen uste gorputzagaz zerikusia zuen ezer egingo nuenik une horretan, psikologia ikastea ere pentsatu nuen”.
Ikasketa normatiboa albo batera utzi eta ibilbide artistikoari ekin zion
Baina ibilbide artistikoan murgilduta eta gustukoa duena argi edukita, ikasketa normatiboetatik joateko ideiak ez zuen konbentzitzen Aranburu. Hortaz, familiagaz berba egin eta “babes osoa” jaso ostean, zirkuaren munduan ikasketak egitea erabaki zuen, eta “aukera ona izan zen”. Zirkuaren munduari dagokionez, eskaintza anitza dagoen leku bat aukeratu zuen: Bartzelona (Herrialde Katalanak).
Ondarroatik Bartzelonarako jauzia aldaketa handia izan zela aitortu badu ere, artista bezala hamaika ate ireki dizkio ondarrutarrari: “Bartzelonara joatea aldaketa handia izan zen, herri txiki batetik hiri batera joateak ekarri dezakeen aldaketa. Baina zirku munduan, artista bezala pila bat bide ireki zitzaizkidan, jendea ezagutzeko, entrenatzeko eta baita lan egiteko ere”. Hortaz, esperientzia esaldi bakar batean laburbildu du: “Pila bat ikasi dut” .
“Markina-Xemeingoa birako geltokirik bereziena izango da niretzat”
Gure Zirkuak Ondarroan bira egin zuen batean, herritar artista baten berri eman zioten lantaldeari, eta curriculuma bidaltzera animatu zuten. Uda gainean izanik, aukera ona iruditu zitzaion Aranbururi, eta horrela hasi zen zirkuaren ibilbide profesionala eta Euskal Herrira itzulera ere. “Lan egin nahi nuen, artista bezala nire ibilbidea garatzen joateko asmoz eta aukera polita iruditu zitzaidan”.
Aukeraketa eginda, zirkuagaz izandako lehenengo kontaktua espero baino hobeagoa izan dela aitortu du. “Gauzak ondo joango zirenaren jakitun nintzen, hasieratik nekien jende oso jatorra zegoela, baina espero baino hobeagoa izan da. Bertara heldu eta giro oso ona zegoen, ordu asko igarotzen ditugu elkarrekin, eta familia handi bat dira, oso ondo hartu ninduten, eta gustura lan egiten dugu”.
Etxeko emanaldia. Orain, Lazkaon daude biran, baina zirkuaren hurrengo geltokia Markina-Xemein izango da. Eskualdeko herria izanik, ezagun asko izango ditu inguruan ondarrutarrak: “Birako geltokirik bereziena izango da niretzat, hurbileko jende asko joango da, desiratzen nago, badakit asko hunkitu egingo naizela, baina gogoa daukat”.
Ibilbide artistikoak eskaintzen duen aukera aniztasuna aprobetxatu eta diziplina artistiko ezberdinetan probatzeko gogoaz berba egin du ondarrutarrak. “Gaur-gaurkoz daukadanaz gozatuko dut, baina aurrera begira proiektu pertsonalak garatzea ere ikusten dut, baita diziplina artistiko ezberdinak probatzen joatea. Ibilbide artistikoa gustukoa dut, eta hortik jarraituko dut”.