Ander Aldazabal: "Lan taldea eratu genuenean herrian ilusio puntu bat sumatu zen"
EH Bilduk gehiengo osoa lortu du Lekeition eta Ander Aldazabalek hartuko du hurrengo lau urteetarako herriko aginte makila.
8 urte geroago EH Bilduren eskuetara bueltatuko da Lekeitioko alkatetza.
Sorpresa galanta izan da guretzat. Egia da lan taldea eratu eta aurkeztu genuenean herrian ilusio puntu bat nabaritu genuela; jendea aldaketarako prest zegoela sumatzen zen Lekeition. Gainera, lan talde ederra sortu dugula nabarmendu behar da, anitza. Eta, hain zuzen ere, nire ustez, hori izan da aurrean dugun emaitza lortzeko gakoa. Horrez gain, atzetik ere izugarrizko lan taldea egon da lanean; jende asko egon da behar zen guztian parte hartzeko prestutasunagaz, bai atzetik eta baita aurretik ere. Herritarrek, lan taldeak egindako lana eta esfortzua ikusi egin dute, eta talde modura dugun ilusio hori transmititzea lortu dugu.
Emaitzak ikusita, herriari begira erronka handia duzue aurrean.
Zalantzarik gabe, herriari begira erronka handia dugu aurrean. Baina herrian ikusi dugun ilusio horri eutsiko diogu. Gure erronketan parte hartzeko sumatu dugun gogoa ikusita, ziur gaude erronkari heldu eta aurrera aterako ditugula proposatutako proiektuak.
Zeintzuk izango dira Lekeitioko EH Bilduren lehentasunak?
Programan hainbat puntu zehaztu ditugu. Batik bat, euskarari eta kulturari izugarrizko bultzada handia eman behar diogu herrian. Euskararen kasuan kezkagarria den atzerakada handia egon baita, eta kulturari dagokionez plan estrategiko bat zehaztu beharra dugu. Horrez gain, kirola, komunitateak sortzea, hezkuntza, eta tokiko ekonomia bigarren planoan utzi gabe. Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatu behar ditugu, hau da, herriaren bizitza sustatu behar dugu. Hortaz, baitugu lantzeko gaiak eta heldu beharreko hainbat erronka ere aurrean
Herriarentzat proposamen berri eta iraultzaileak dituzuela nabarmendu zenuen ekitaldi nagusian. Zein izango da martxan jarri beharreko lehenengo motorra?
Nire ustez gobernantza eredua aldatu behar da herrian, eta hori izango da emango dugun lehenengo pausoa. Hortik hasita, beste guztia etorriko da. Gobernantza kooperatibo bat izan behar da oinarria; herriak parte hartu behar du, herriari entzun egin behar zaio eta herriak eduki behar du hitza. Herritarren interesak erdigunean jarri behar dira, eta hortik hasi behar dugu. Nola hasiko garen hori kudeatzen? Lanean hasten garen lehenengo unean, denok batu eta denon artean adostu behar dugu nola egin. Ziur nago hortik aurrera gainontzeko guztia etorriko dela, lan lerroak finkatuz.