Berdinketak nagusi Mutrikun jokatutako sokatirako lur gaineko gizonezkoen lehen jardunaldian
Azkoitian lehiatuko dute zapatuan [ekainak 3] Euskadiko Txapelketako 640 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko lehendabizikoa.
Hasi da sokatirako 640 kiloko lur gaineko gizonezkoen denboraldia. Hain zuzen ere, Mutrikuk hartu zituen lehen tirakadak joan den zapatuan [maiatzak 27]. Euskadiko Txapelketako lehen jardunaldia Mutriku eta Deba arteko bidegorriko begiratokian jokatu zen. Lehen aldiz antolatu zuten bertan tiraldia, eta Mutrikuko sokatira taldetik lurraren balorazio “positiboa” egin dute.
“Lurra oso ondo zegoen, behea gogorra zen, ondo harrapatzen duen horietakoa”, esan dute. Hori izan zen bost taldeen arteko berdintasunaren arrazoietako bat. Lehen posturako borrokan Gaztedi A eta Goiherri aritu ziren nor baino nor gehiago; 4,5 punturekin amaitu zuten biek ala biek. Etxeko taldeak, berriz, hirugarren postua lortzeko Akelarrerekin eduki zuen lehia: 2,5 puntu eskuratu zituen bakoitzak. Bosgarren postuan geratu zen Gaztedi B taldea, puntu bakarragaz.
Horrenbestez, zapatuko [ekainak 3] Azkoitiko lehiak berebiziko garrantzia edukiko du berdinketak apurtzeko, txapelketak bakarrik hiru jardunaldi baititu. “Helburua domina lortzea izango da, baina oso zaila izango da borroka oso estua izango delako”. Helburua lortzeko lurraren egoeraren garrantzia nabarmendu dute sokatira taldekoek: “Heldu ahal den lurra bada, gure indarra hobeto erabili ahalko dugu. Beraz, lurrak asko baldintzatuko du gure lana”. Egun berean, emakumezkoen 540 kiloko lehen jardunaldia ere lehiatuko dute Azkoitian.