Baso Bizien Eguna egingo dute Berriatuan
Tokiko basogintza eredu jasangarriak bultzatzen dituzten elkarteen artean sortu dute domekako [ekainak 4] jai eguna. Mendi ibilaldia, berbaldiak eta bazkaria egingo dituzte.
Domekako [ekainak 4] egitaraua Baso Biziak Plataformak antolatuta dago. Plataforma hori, hain zuzen ere, basogintza jasangarria, tokikoa eta elkarlanean eginikoa sustatzen duten elkarteen artean sortu zen. Iaz Itsasondon egin zuten Baso Bizien Egunaren estreinako ekitaldia, eta bigarrena Berriatuan egingo dute.
Parte hartzaileak 10:00etan elkartuko dira, herriko plazan. Mendi ibilaldia egingo dute, Legarmendiko baso landaketaraino igoz. Zortzi kilometroko mendi ibilbidea egingo dute, eta azalpen puntuetan geldialdiak egingo dituzte. Lehenengoan, Nahia Gartziak basoak lurzoruan eta urarengan daukan eragina azalduko du; bigarrenean, Keko Alonsok basogintza ekologikorako estrategiak plazaratuko ditu; hirugarrenean, landaketak egindako herritar partikularrek beren esperientzien nondik norakoak aurkeztuko dituzte; laugarren eta azkenengoan, Hostozabal elkartearen hasierako landaketaren gorabeherak argituko dituzte.
Bestalde, mendi ibilbidean bazkaltzeko tartea ere edukiko dute, Madalena baselizan. Bazkaritarako gunera autoz ere igo daitekeela aurreratu dute antolatzaileek. Bazkarirako izen ematea basobiziakplataforma@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin behar da; adinez nagusi direnek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta umeek 5 euro. Gaur-gaurkoz, 30 lagun inguruk izena eman dute.
Berriatua basogintza eremu jasangarriekiko “konpromisoa” duen udalerria dela adierazi dute Hostozabal Elkartetik
Herri oso aproposa. Hostozabal Elkarteko kideen arabera, basogintza eredu jasangarriekiko “konpromisoa” duen udalerria da Berriatua. Izan ere, “hainbat landaketa esanguratsu” egin izan dituzte bertan bai udalaren babesagaz, bai berriatuarren interesagaz. “Legarmendi eremua horren erakusle da; bertan, elkarteek zein herritarrek landaketak egin dituzte”.
Ez hori bakarrik: Berriatuko Udala landaketen truke diru laguntzak ematen aitzindaria izan zen. “Herritarrei diru laguntza txiki bat ematen zaie, landaketak egiteko grina hauspotzeko. Zentzu horretan, egun hori osopatzeko herri oso aproposa da”.