Berriatuak eta Markina-Xemeinek jokatuko dute Bizkaiko zesta-puntako herriarteko finala
Berriatuko Mendibarren frontoian jokatuko dira finalak barikuan [ekainak 2], 19:30ean hasita.
Lea-Artibaiko zesta-punta eskolak gorengo mailakoak direla berretsi du Bizkaiko herriarteko txapelketak. Gernika-Lumoko eskolari irabazita ailegatu ziren Berriatua eta Markina-Xemein heldu dira finalera. Berriatuarrak izan dira orain arte onenak, bai ligaxkan baita azken urteetan ere. Ligaxkan, elkarren aurkako lehian hiru partidak irabazi dituzte, gaztetxo, gazte eta nagusi mailan: 30-22, 30-17 eta 30-25, hurrenez hurren.
Hain zuzen ere, dinamika hori apurtzeko asmoagaz helduko dira markina-xemeindarrak barikuan [ekainak 2] 19:30ean Mendibarren frontoira. Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzatik lehia “borrokatua” aurreikusten dute, batez ere bi klubek puntisten hautaketagaz jokatu dezaketelako. Partida hasi baino 10 minutu lehenago esan behar dituzte ze bikotek jokatuko duten.
Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzatik eskerrak eman nahi izan dizkiote Berriatuko Udalari: “Zesta-puntagatik egiten duen apostuagatik. Espero dezagun maila oneko finala ikustea, zesta-punta Bizkaian edukitzen ari den gorakadaren erakusle izango baita”.